Kontxako Banderan aritu ziren zortzi taldeak izan dira Bermeon jokatutako Eusko Label ligako estropadan. Ligan gehienetan gertatu bezala, Oriok irabazi du, eta, hamazazpigarren bandera eskuratzeaz gain, Eusko Label ligako banderen errekorra ezarri du bigarren urtez jarraian. Getaria izan da bigarren, hiru segundora, eta Zierbenak hirugarren egin du, sei segundora.
Hasieratik branka aurretik sartuta aritu da Iker Zabalaren taldea. Itsasoratu duen eskifaia ikusita, nabari zen irabazi eta marka gaur ezarri nahi zuela. Hala ere, ez du tartea zabaltzerik izan, eta, ondorioz, lau ontziak parean heldu dira lehen ziabogara. Aritz Lizarralde Orioko arraunlaria pozik zegoen estropada amaieran: «Estropada gogorra izan da, eta pozik gaude irabazi dugulako. Une oro aurretik ibili gara, baina ez dugu tartea ateratzerik izan». Urdaibaik lortu zuen Kontxako bigarren asteburuan lehenengoaren arantza ateratzea, eta gaur duin aritu da etxean. Hirugarren luzean, baina, aurrea hartu dio Getariak.
Oriok ez du azkenera arte tartea zabaltzerik lortu, eta aurkarien arnasa garondoan zuela ibili da San Nikolas ontzia. Hala ere, aldeari eutsi dio, eta ontzi baten aldea ateratzea lortu du. Estropadaren amaiera zirraragarria izan da. Zierbena lehian sartu da azkenean, eta Getariarekin sekulako dema izan du. Epailea ere tartean sartu da; izan ere, galipo-en ontzia Esperantza-ren eremura hurbildu da, eta lanak izan ditu bertatik irteteko. Gainera, atzetik aurrera egitea lortu du Dani Perezek zuzendutako taldeak, eta epaileen azken ebazpenak Urdaibairen aurretik jarri du 60 ehunenen aldearekin.
Lehen txanda, berriz, Donostiarrak irabazi du. Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzien artean banatu da. Denboraldian zehar, txandako izarrak izan dira Donostiarra eta Hondarribia, eta gaur ere ez dute hutsik egin. Aste honetan jakinarazi du Donostiako taldeak Igor Makazagak ez duela Torrekua II.a ontziaren entrenatzaile gisa jarraituko. Hamar urte egin ditu Donostiarra taldeko entrenatzaile gisa, eta txanda irabazita eman die amaiera ibilbide honetan jokatutako itsasoko estropadei.
Ondarroa eta Isuntza izan dira azken bi postuetan, hurrenez hurren. Bizkaiko bi taldeek tradizio luzeko lehia dute elkarrekin, eta denboraldi osoan zehar parean ibili dira. Gainera, Ondarroak ere aste honetan jakinarazi du Iñaki Errastik ez duela bertako entrenatzaile izaten jarraituko, eta amaiera bikaina eman dio Aginagako (Gipuzkoa) entrenatzaileak Ondarroako bide luze eta oparoari. Markel Akarregik, aldiz, lehen denboraldia izan du Isuntzako entrenatzaile gisa, eta, ligan postu on bat lortzeaz gain, Kontxara bigarren urtez jarraian sailkatzea lortu du Lekeitioko taldeak (Bizkaia).
Getaria eta Urdaibai
Oraingoz, Getaria da hirugarren, eta puntu bakarra ateratzen dio Urdaibairik. Bou Bizkaia ontziak hiru bandera irabazi ditu denboraldi honetan (Bilbon, Castron eta Getxon). Getariaren denboraldia, baina, azpimarratzekoa izan da. Banderarik irabazi ez izana Getaria erregularra izan den adierazgarri da, eta Ion Larrañagak zuzentzen duen taldea gora egiten ari da denboraldiak aurrera joan ahala.
Azken jardunaldia bihar jokatuko da, Portugaleten (Bizkaia).