Arrauna

Oriok irabazi du Bermeon, eta banderen marka ezarri du

'San Nikolas' ontziak denboraldiko hamabosgarren bandera irabazi du. Urdaibaik zuen marka orain arte, joan den denboraldian hamalau bandera irabazita. Getaria izan da bigarren, zazpi segundora.

Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Bermeon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko irailaren 20a
20:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orio izan da garaile gaur Bermeon (Bizkaia), eta denboraldiko hamabosgarren bandera eskuratu du. Urdaibaik hamalau irabazi zituen joan den denboraldian, eta Gipuzkoako taldeak ondu egin du marka hori. Orain hiru aste erabakita utzi zuen liga, eta, joan den astean Kontxako Bandera irabazi ostean, denboraldi batean bandera gehien irabazi duen taldea izateko erronka zuen Oriok, eta lortu egin du gaur. Estropada amaieran gogotik ospatu dute arraunlariek, eta Iker Zabala entrenatzailearen guraria bete dute, bandera haren jaioterrian irabazi baitute.

Estropada hasieratik buruan joan da San Nikolas ontzia. Eguraldiaren eta itsasoaren egoera tarteko, pentsatzekoa zen Getariari baldintza horiek mesede egingo ziotela. Esperantza traineruak estropada bikaina egin du lehen txandan, eta hamar segundo atera dizkio Hondarribia bigarren sailkatuari. Hirugarren ziabogan zazpi segundo atera dizkio Oriok Zierbenari, baina une horretan Getariarekiko zuen tartea lau segundora murriztu da. Hala ere, ez da luzarorako izan, azken luzean oztopo guztien gainetik joan baitira Orioko arraunlariak. Eta estropada amaitzeko 700 metro falta zirela, Gorka Aranberri patroiak bandera hitza aipatu du, zentzu osoz aipatu ere, ordurako Oriok hamabi segundo ateratzen baitzizkion Zierbenari; azkenerako 11ra amaitu dute. 

Orio gainontzekoen gainetik ibili da, baina Mikel Lizarralde arraunlariak zer komeria izan dituzten azaldu du: «Kanpoaldera joatean, bagenuen nahiko lan itsasoaren aurka, baina, ziaboga eman ostean, tartea atera dugu. Oso pozik gaude. Bihar ere irabazi nahi dugu». Horrez gain, bi txandetan tarte handia atera die bigarrenak hirugarren eta laugarren sailkatuei; lehen txandan, hemeretzi segundo atera dizkio Hondarribiak Isuntzari —hirugarren izan da—, eta San Juan, ahazteko moduko estropada eginda, minutu batera geratu da. Bigarren txandan Zierbena izan da bigarren, eta 11 segundoko aldea atera dio Urdaibairi —hirugarren izan da—, eta Donostiarra etxekoengandik lau segundora geratu da.

«Kanpoaldera joatean, bagenuen nahiko lan itsasoaren aurka, baina, ziaboga eman ostean, tartea atera dugu. Oso pozik gaude. Bihar ere irabazi nahi dugu»

Mikel Lizarralde Orioko arraunlaria

Bi astean, Gorka Aranberri Orioko patroiak balentria bikoitza lortu du. Batetik, joan den igandean Oriorekin taldearen 32. Kontxako Bandera irabazteaz gain, estropada horretan bandera gehien irabazi dituen patroia bilakatu zen —guztira hamar irabazi ditu—, eta urte askoan marka horren jabe izan den Aita Manuel gainditu. Bestetik, gaur denboraldi batean bandera gehien irabazi dituen taldearen patroi izan da, eta, bi lorpen horiek kontuan izanik, nekez ahaztuko du patroi zarauztarrak denboraldi hau.

Bihar azkena, Portugaleten

Bilbon hasi zuten denboraldia, ibaian, eta bihar, berriz, Ibaizabalgo uretan amaituko dute, Portugaleten (12:40, ETB1). Sailkapenari dagokionez, litekeena da aldaketak izatea bosgarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan. Bosgarren dago Hondarribia, baina gaur Getaria aurretik izan denez, puntu bat jan dio, eta, ondorioz, airean geratu da postu hori. Isuntzaren eta San Juanen artean, berriz, hiru punturen aldea du Bizkaiko taldeak, eta pasaitarrak bihar estropada hobea egiten eta hori gainditzen saiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.