Arrauna

Oriok irabazi du Boiron, eta San Juanek azken postuan amaitu du

Final baten pareko lehia izango dute bihar San Juanek eta Aresek: hiru puntu gehiago ditu 'Erreka' ontziak, baina etxean ariko dira galiziarrak. Kanporaketei izkin egin nahi diete biek. Oihan Manterola Orioko patroiak bandera astindu du bere debutean.

Orio Boiroko bandera irabazi izana ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Orio Boiroko bandera irabazi izana ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 29a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste erakustaldi bat egin du Oriok Boiron (Galizia): garaipena, bandera eta debuta. Oihan Manterola patroia lehen aldiz aritu da maila gorenean, eta debut ezin hobea izan du, Oriok erraz irabazi baitu Boiroko bandera. Arraunlariek estu besarkatu dute estropada bukatutakoan, eta patroi gazteak pozarren astindu du bandera: «Sustoa hartu dugu, ez baikenuen halako girorik espero, baina estropada biribila atera zaigu. Oso pozik gaude. Talde hau egiten ari dena historikoa da; orain, ginga jarri behar diogu».

Izan ere, bederatzi estropada segidan irabazi ditu San Nikolas ontziak, eta markak hausten ari da. Gaur irabazi du Eusko Label liga matematikoki, eta begiz jota dauka Kontxako Bandera ere. Oriotarrak dira faborito nagusiak. 

Traineruek eguraldi kaskarrari aurre egin behar izan diote gaur: haizeari eta lainoari. Baina ez da ezustekorik izan. Ohorezko txandako lau ontziak izan dira azkarrenak: Urdaibaik egin du bigarren, Zierbenak hirugarren, eta Getariak laugarren. 

Lehen luzean ondo jardun du San Nikolas traineruak, eta aurrea hartu. Hala ere, Urdaibaik estu hartu du gero, eta bigarren luzean parean aritu dira; bizkaitarrak aurretik ere egon dira metro batzuez. Ez luzerako, baina. Oriok ondo eutsi dio Bou Bizkaia-ren joari: azkar erantzun du, eta berriro ere aurretik jarri. Hortik aurrera, kontrolpean izan du estropada, eta aldea handituz joan da. Hirugarren eta azken ziabogan, hamabi segundo ateratzen zizkion Urdaibairi, hemezortzi Zierbenari, eta 25 Getariari. Eta bukaeran, beste hainbeste: 20.24,94ko denbora egin du Oriok, ia hamahiru segundora helmugaratu da Urdaibai, 23ra Zierbena, eta 26ra Getaria.

San Juan, larri

Ares indartsu dabil azkenaldian, eta San Juan pattal. Eta halaxe bukatu dute gaurko saioa: Galiziakoek irribarretsu, eta Pasai Donibanekoek burumakur. Aresek irabazi du lehen txanda, eta, hala, estropada bederatzigarren amaitu. San Juanek, berriz, azken postuan bukatu du. Kanporaketei izkin egin nahi diete biek, eta biharko estropada final baten parekoa izango da. Oraintxe, hamargarren dago San Juan, 61 puntu bilduta, eta hamaikagarren Ares, 58 puntu eskuratuta. Puntuz berdinduta amaituz gero, Ares geratuko litzateke aurretik.

Gainera, aldea tranpatia da. Izan ere, Ares etxean ariko da bihar, eta arraunlariak konfiantzaz gainezka daude. Gaur Boiroko estropada jokatu aurretik, sei punturen aldea zuten; orain, berriz, hiru punturen aldea baino ez. Galiziarrek ez dute ezer galtzeko, baina San Juanek bai. Azken postuan, berriz, Chapela dago, 51 punturekin. Ezusterik ezean, mailaz jaitsiko da bihar.

Gaur, Boiron, lehen txanda hasi eta berehala jarri da Ares estropadaren buruan. Ondo ekin dio, eta aldea atera die aurkariei. Chapela atzean geratu da, eta bazirudien San Juanek eta Santurtzik lehia estua izango zutela. Lehen ziaboga ematean, Aresek sei segundora zituen Erreka eta Sotera. Eta bederatzira Chapela.

Aresek irabaztekotan, San Juanentzat inportantea zen justu haien atzetik bukatzea, baina korapilatu egin zaio estropada. Itzulerakoan, Santurtzik aurrea hartu dio, eta, are, Chapelak ere harrapatu du. Bi traineruek parean eman dute bigarren ziaboga, eta, hirugarren luzean, Galiziako ontziak aurrea hartu. Azken luzean aldea handitu besterik ez da egin. Areskoengandik ia zortzi segundora helmugaratu da Santurtzi, ia hogeira Chapela, eta ia 29ra San Juan. Behintzat, Ares baino denbora hobea egin dute bigarren txandako eta ohorezko txandako traineru guztiek. San Juanek lasaitua hartu du horrekin.

Bigarren txandan, Hondarribia izan da nagusi, hasi eta buka. Lehen luzean erritmo bizian egin dute arraun, eta ondo eutsi diote aldeari. Donostiarra saiatu da hura harrapatzen, baina Ama Guadalupekoa traineruak berriro ere hanka egin du hirugarren luzean, ziaboga azkar eta ondo eginda. Gainera, lainoa sartu da, eta ingurua ikustea nabarmen zaildu. Kanpoko balizak ezin ondo ikusita egin dute arraun, eta, Donostiarrak, erreferentzia galduta, bide okerrean egin ditu metro batzuk. Hala ere, bigarren postuari eutsi dio. Hondarribia baino ia 23 segundo gehiago behar izan ditu Donostiarrak, ia 26 gehiago Ondarroak, eta 33 gehiago Isuntzak. Antiguako Ama ontzia oso ondo aritu da azken luzean.

Horiek horrela, sailkapenaren behealdean dauden traineruek estropada garrantzitsua jokatuko dute bihar, Aresen (12:15, ETB1). Hain zuzen ere, San Juan taldeko arraunlariek ez dute lasai lo egingo gaur, baina etxerako buelta gozoa izan nahi dute bihar. Haien esku dago.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA