Eusko Label ligako entrenatzaile guztiek aurreratu bezala, Orio izan da lehen estropadako Bilboko XVI. Banderaren garaile, garaikurraren irabazle, 19:43,58ko denbora eginda. Oro har, bereziki nabarmendu dira lehen lauak ─Orio bera, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibai─, eta denbora gehiago behar izan dute gainerako zortzi traineruek. Lehen estropada izanda, neurria hartzeko norgehiagoka izan da, talde bakoitzak bere maila gainerakoekin alderatzekoa, ia baldintza berberetan.
Lehen luzetik hasi da Orio buru. Ontzi bete atera die gainerakoei ─hiru bat segundo─. Bigarren ziabogara heldu baino lehen, Donostiarraren eta Zierbenaren arteko lehia izan da ikusgarriena, bigarren postua nork lortuko; baina Donostiarrak bi segundo lehenago egin du bigarren ziaboga. Urdaibaik Oriok baino bederatzi gehiago behar izan ditu lan erditan, eta bigarren txandako Getariak baino sei gutxiago. Tartea handituz joan da estropadak aurrera egin ahala.
Lehia amaitzerako, Zierbenak aurrea hartu dio Donostiarrari, eta lau segundogatik heldu da aurretik: 19.47,88ko denbora egin du lehenak; 19:52,50ekoa bigarrenak. Urdaibai hogeita bat segundo beranduago heldu da, 20.05,30eko denbora eginda.
Gorka Aranberrik, Oriora heldu berri den patroiak, adierazi du frogatu egin nahi dutela zergatik jarri duten denek Orio faborito: «Mutilek hori behar dute, denbora onak egin». Aitortu du badakitela estropada eremu zaila dela Bilbokoa: «Hona etortzen garenean, badakigu estropada gogorra izango dela, eta hala izan da». Aurkariak «nahi baino gertuago» sumatu ditu. Hori bai, oraingoz, lehen estropada irabazita, lider dira San Nikolas ontziko arraunlariak.
Koska bat beherago
Laugarren postutik beherakoak koska bat apalago aritu dira, nabarmen. Getariak irabazi du bigarren txanda, Urdaibaik baino hamasei segundo beranduago helduta. Esperantza-k aurrea hartu die gainerako zortzi ontziei, 20.21,18ko denbora eginda; Isuntza bost segundora heldu da. Gaizka Gorostiaga Getariako arraunlariak Aranberriren adierazpenak berretsi ditu, eta aitortu du sufritu egin dutela: «Prestatuta etortzen gara lehen estropadarako, baina, halere, gogorra izan da».
Isuntza baino lau segundo gehiago behar izan ditu Hondarribiko ontziak, eta orduan sartu da tartean lehen txandako garailea: Ares, Eusko Label ligara igo berria den ontzia, 20.33,66ko denbora eginda. Hain zuzen, galiziarrek estreinatu dute Eusko Label liga, lehenak izan baitira ateratzen eta lehenak, halaber, aurreneko ziabogan.
Aresen ondoren heldu dira Kaiku (20.36,44) eta Cabo (20.45,06), baina, sailkapen orokorrean, bigarren txandako Ondarroa sartu da bien tartean (20.41,32). Ondarroako aurrekalariak arazoren bat izan du arraunarekin hirugarren ziaboga baino apur bat lehenago, eta horren ondoren ez du arraunean jarraitzerik izan, baina ez du gainerakoen erritmoa galdu: bizkarrarekin segitu du.
Sanjuandarrak izan dira apalenak. Cabori aurrea hartu diote hirugarren ziabogaren parean, baina ezin izan diote azken-aurreko postuari eutsi, eta azken postuan amaitu dute.