Larunbatean hasi eta igandean buka: Orio lehen luzetik azkenera arte izan da nagusi Zarauzko Banderan. Atzo hamar segundoren aldea atera zuen Iker Zabalaren taldeak, baina gaur ez da alde hori baliatzeko asmoz atera. Lehen metroetan utzi ditu atzean txandakideak, eta lau luze bikain eginda biribildu du asteburua. Gorka Aranberrik ehungarren bandera astindu du gaur Eusko Label ligan.
Denborek erakusten dute Orioren nagusitasuna: bi egunetako denborak batuta, ia minutu erdi atera dio Zierbenari, bigarren sailkatuari. Gaur, ohorezko txandan, hemezortzi segundo atera dizkio Zierbenari, beste hainbeste Bermeori, eta 21 Donostiarrari. Hiru ontzi horiei, gainera, aurrea hartu diete bigarren txandako hiru taldek: Getariak, Isuntzak eta Hondarribiak.
Getaria ez zen ondo aritu atzo, baina arantza kendu du Esperantza-k, gaur bikain jardun eta bigarren postua eskuratuta. Saikapen nagusiko hirugarren postua eskuratzeko lehia bizian dabiltza Bermeo eta biak: berdinduta daude, 145na puntu bilduta.
Sailkapenaren behealdeari erreparatuta, emaitza bikaina lortu du Aresek: bederatzigarren izan da Galiziako taldea, eta, gainera, Santurtzi eta Ondarroa Chapelaren aurretik sartu dira. Oraingoz, Ares hamaikagarren postuan dago, eta bost punturen aldea ateratzen dio Chapelari.