«Nazkatuta gaude isilik egoteaz eta zapaltzaileak izan diren horien hitzak entzuteaz. Arraunlari baten denboraldia izatez da gogorra, eta 2025eko denboraldian bizi izan duguna lazgarria izan da». Orioko emakume arraunlarien hitzak dira. Ohar bat kaleratu dute Orio Guka-n, eta azken sasoian bizitakoaren berri eman. Traineruko hogei arraunlarietatik hamaseik sinatu dute adierazpena.
Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideek emakumezko arraunlarien lana, profesionaltasuna eta errendimendua «zalantzan jarri eta ukatu» dituztela adierazi dute, eta, horrez gain, haien inguruko «informazio faltsua» zabaldu dutela. «Emakume izate hutsagatik jasan ditugun tratu txarren artean, mespretxua, umiliazioa eta gutxiespena salatu nahi ditugu, baita baldintza ekonomikoen desberdintasuna eta bazterketa sistematikoa ere. Baldintza duinak lortzeko borroka etengabean jardun, baina egoerak okerrera besterik ez du egin».
Salatu dutenez, berdintasunerako bidean «atzerapauso erraldoia» eman dute, eta urte askoko lana «ezerezean» utzi. «Horrek guztiak min psikologiko eta emozional handia eman digu, eta zuzenean eragin du gure errendimenduan, ongizatean eta osasunean».
Klubeko «balio matxistak» berrikusteko exijitu dute, helburua argi: egia plazaratzea eta etorkizuneko emakume arraunlarien egoera hobetzea. «Emakume arraunlarion eskubideak eta ongizatea bermatuko dituen berdintasun plan bat lantzeko garaia da. Ez gara gehiago isilduko».
Orioko Udalak ere ohar bat kaleratu du, eta «tristura eta kezka» azaldu. Orioko emakume arraunlariei babesa helarazi die, eta esan udalak arduraz jokatu asmo duela. «Orio Arraunketa Elkartean gertatu denaren berri jasotzeko konpromisoa hartzen du udalak, eta, horren aurrean, dagozkion neurriak hartzeko, elkartearekin duen hitzarmenaren baitan». Adierazi duenez, klubari eskura dituen baliabideak eskainiko dizkio egoera «ahalik eta ondoen» kudeatzeko.
Lehentasuna, gizonezkoei
Kazeta honek martxoan egin zion elkarrizketa Jon Olasagasti Orio Arraunketa Elkarteko presidenteari —bi denboraldi daramatza karguan—, eta adierazi zuen lehen lanetan gizonezkoen traineruari eman ziotela lehentasuna, baina emakumezkoen proiektua sendotzeko asmoa ere bazutela, aurrerago. «Lan handia egin dugu mutilen taldearekin. Beste batek ez du hala pentsatuko, baina, gure ikuspuntutik, mutilen traineruak saltzen du edo oraindik hark du indar gehien. Neskei ere bultzada bat eman beharra dago; saiatu gara babesleekin egon garenetan-eta, baina jendeak gehienbat mutilenera jotzen du. Harrobian lan egitea garrantzitsua da, bai mutilentzat eta bai neskentzat. Horretan ari gara. Lehengo urtean ez zigun denbora eman neskenari hainbesteko buelta emateko. Orain ari gara buru-belarri. Mahai gainean datu asko ditugu, eta hor lan asko egingo dugu. Hasita gaude».
Eta hauxe gaineratu: «Garbi esan nien: nesken liga ez dut dominatzen mutilena bezala, baina ez dut baztertuko. Zuzendaritzara sartu ginenean, espero genuen dena batera ondo egingo genuela, baina ez genuen nahikoa denbora izan. Lan gehiena mutilen eta arraun eskolen sistemetan egin dugu. Arraun eskolak denbora asko kendu digu. Inportantea da, Orioren etorkizuna hor dago. Neskei babes handiagoa eman behar diegu».
Bada, emakumezko arraunlariek babestuta ez, baztertuta eta gutxietsita sentitu direla salatu dute. BERRIA zuzendaritzarekin jarri da harremanetan, eta, oraingoz, ez dute adierazpenik egingo.