Jone Bastida Alzuru.

Ezustekorik ez

2025eko urriaren 24a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsa altxatu, eta garbi esan dute Orioko traineru nagusiko emakume arraunlariek: «Emakume izate hutsagatik jasan ditugun tratu txarren artean, mespretxua, umiliazioa eta gutxiespena salatu nahi ditugu, baita baldintza ekonomikoen desberdintasuna eta bazterketa sistematikoa ere. Baldintza duinak lortzeko borroka etengabean jardun, baina egoerak okerrera besterik ez du egin». Besteak beste, Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideek emakumezko arraunlarien lana, profesionaltasuna eta errendimendua «zalantzan jarri eta ukatu» dituztela adierazi dute. Eta krak. Amorratu bai, baina harritu, oharrak ez zuen inor harrituko, ezta sorpresaz harrapatu ere.

Horixe baita, oraindik ere, eguneroko ogia. Emakumezkoen kirolak azken urteetan gora egin du parte hartzean, ikusgarritasuna lortu du, eta baldintzak hobetu dira. Bai, hori ez dago ukatzerik, baina emakumeen etengabeko borrokaren ondorioz izan da, eta bidea oztopoz betea egon da. Eta aurrerapausoak eman izanak ez du esan nahi egoera ona dela. Berdintasuna urrun dago, oso urrun: ereduan, baldintzetan, plangintzan, tratuan, eguneroko lanean... Arazoa egiturazkoa da. Orioko emakume arraunlariek ahotsa jarri diote beste kirol eta klub askotan gertatzen denari, eta, zoritxarrez, kolektiboak dira bizipen horiek, sistematikoak.

Orioko presidenteak esana zuen lehentasuna gizonezkoei eman ziotela, konbentzimendu osoz eta hauxe argudiatuta: «Mutilen traineruak saltzen du edo oraindik hark du indar gehien. Neskei ere bultzada bat eman beharra dago, baina jendeak gehienbat mutilenera jotzen du». Eta, noski, hala izaten segituko du eredua eta eguneroko praktikak aldatzen ez badira. Bultzada ez, berdintasunerako bidean gauzak aldatzeko benetako borondatea behar da, aitzakia merkeak albo batera utzi eta neurri eraginkorrak hartzea. Bestela, ereduak bere horretan segituko du: matxista eta misoginoa izaten. Guztiak dira konplize, eta ez da kasualitatea zuzendaritzetako kide gehienak gizonezkoak izatea. Bai Orion, bai beste klubetan. Salbuespen gutxi daude.

Aldaketa errokoa ez bada, ez du askorako balioko. Orioko gizonezkoek, emaitza aldetik, denboraldi historikoa egin dute. Baina dena ez da arrakasta, dena ez da irabaztea, eta are gutxiago hori lortzeko beste batzuk zapaltzen badira. Sasoi historikoa zuloz beteta dago, ikusi denez.

Kirolariak dira denak, eta tratu eta errespetu bera merezi dute. Urrats zaila egin dute Orioko emakumezkoek —askotan salatzailea jartzen delako jopuntuan—, baina garrantzitsua eta ausarta. Inportantea da salatzea, jazotakoa lau haizeetara zabaltzea. Eta balio dezala beste klub askok ere etxe barrura begiratzeko, eta beren jardunaz hausnartzeko. Goi mailako klubek, eta herri mailakoek. Adierazgarria da salaketa publikoa egin behar izatea gauzak aldatzeko. Hitz gutxiago behar dira, eta ekintza gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.