Arrauna

Orioko Udalak eta arraun elkarteak lan esparru berri bat adostu dute

Lan esparru horrek «arraunlarien ongizatea erdigunean jarriko» duela azaldu dute. Iaz, Orioko hainbat emakume arraunlarik salatu zuten klubeko zuzendaritzak «mespretxatu eta gutxietsi» egin zituela.

Orioko trainerua. ANDONI CANELLADA / FOKU
Orioko arraunlariak, garaipena ospatzen, iazko estropada batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 18a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orioko Arraun Elkarteko hainbat emakumezko arraunlarik ohar bat kaleratu zuten iazko urrian, denboraldi horretan bizi izandakoaren berri emateko. Traineruko hogei arraunlarietatik hamaseik sinatu zuten adierazpen hori, eta, hartan, besteak beste, salatu zuten zuzendaritzak «mespretxatu eta gutxietsi» egin zituela, eta haien «lana, profesionaltasuna eta errendimendua» «zalantzan jarri eta ukatu» zituela. Orioko Udalak esan zuen zer gertatu zen ikertuko zuela, eta beharrezko neurriak hartu.

Bada, gaur eman du neurri horien berri. Orioko Udalak eta arraun elkarteak ohar bat atera dute elkarrekin, Arraunlarien ahotsetik eraldaketarako bidea izenburupean. Horretan azaldu dute «lanketa partekatua» egin dutela urte osoan, kanpoko aholkularitza zerbitzu espezializatu baten laguntzarekin. Izan ere, arraunketa elkarteak, «gaiaren garrantziaz jabetuz joan den heinean, lanerako borondatea eta konpromisoa» erakutsi ditu. «Helburua argia izan da: iraganari buruzko eztabaidan geratu beharrean, zer gertatu den ulertu, ikaskuntzak atera eta etorkizunerako tresnak sortzea».

Prozesu horren ondorioz, «emakume eta gizon estropadalarien arteko berdintasuna oinarri hartuta, hortik harago doan lan esparru berri bat» adostu dute, «arraunlarien ongizatea erdigunean jarriko» duena. «Eredu horrek bost ardatz nagusi izango ditu: emakume eta gizonen berdintasuna, indarkerien prebentzioa, osasun fisikoa eta mentala, inklusioa eta kirolarien ahotsa. Ardatz horiek oinarri hartuta, 2026tik 2028ko aldirako ekintza plana eta jarraipen sistema diseinatu dira».

Diotenez, lanketa horrek erakutsi du «oraindik asko dagoela egiteko kirolaren eremuan berdintasuna eta ongizatea bermatzeko». Baina erakutsi du, era berean, «elkarrizketaren, autokritikaren eta lankidetzaren bidez eraldaketarako bideak eraiki» daitezkeela.

Oharrean diotenez, iazko udazkenean arraunlariek emandako testigantzek «emozio kontrajarriak» sortu zituzten herrian, baina, aldi berean, «aukera bat» ireki: «emakume kirolarien errealitatea ezagutzeko, haren inguruan hausnartzeko eta egoera hobetzeko neurriak hartzeko aukera».

Udalaren arabera, «arduraz» hartu zituen emakume estropadalariek plazaratutako bizipenak. «Kirola historikoki gizonen behar eta errealitateetara egokitutako eremua izan da, eta gaur egun ere desberdintasun ugari indarrean daude: baliabideen banaketan, aitortza aukeretan, hedabideetan duten ikusgaitasunean eta eguneroko harremanetan. Arrauna ez da salbuespena».

Horregatik guztiagatik, oharrean diote emakume arraunlariek egindako salaketak ez direla «gertakari bakan gisa» ulertu behar; «kirolaren eta gizartearen parte diren erronka zabalagoen isla» ere badira. «Haien ahotsari esker, landu beharreko errealitate bat bistaratu zen, eta horrek aurrerapausoak egiteko aukera eman du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE