Futbola

Osasuna haserre La Ligak hartutako erabakiagatik: «Ez da futbola, La Liga baizik»

Nafarroako taldeak igandean jokatu behar zuen ligako lehen partida, Celtaren aurka, baina ezin izango da jokatu, Balaidosko zelaian agertutako onddo baten ondorioz. Abuztuaren 27ra arte atzeratu dute partida. Osasunak sarreren dirua bueltatuko die zaleei.

Osasuna eta Celta aurreko denboraldiko partida batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Osasuna eta Celta aurreko denboraldiko partida batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko abuztuaren 13a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasuna haserre dago La Ligak hartutako erabakiagatik: partida abuztuaren 27ra arte atzeratzea. Denboraldia hasteko beste astebete itxaron beharko dute gorritxoek, atzeratu egin baitiete Celtaren aurka igandean zuten partida, Balaidosko zelaian onddo batek belarra hondatu baitu. Partida atzeratzea erabaki izana «ulertzen» duela adierazi du taldek, baina erabakia berandu eta gaizki hartu dutela salatu du: «Ez da futbola, La Liga baizik».

Klubak ohar batean jakinarazi duenez, Osasunak eta Celtak irailaren 24an edo 25ean jokatzea adostu zuten, selekzioek partidak dituztenez, ligan etena egongo delako. Esan dute jokalarien gainkarga kontrolatzeko eta lesioak prebenitzeko hartu zutela erabaki hori. Salatu dutenez, La Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak bazuten akordio horren berri, baina kasu ez egitea erabaki dute, eta partida abuztuaren 27an jokatuko da. «Partida bertan behera uzteagatik kalterik handiena jasan duen taldea Osasuna da. Klubarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, berriz ere gu gara kaltetuenak».

Abuztuaren 24an Levanteren aurka duen norgehiagoka aurreratzeko eskatu du Osasunak, atseden egun gehiago edukitzeko, baina hori ere ez diete onartu. «Osasuna partida bat jokatzera behartuta dago abuztuaren 24an, astelehena, eta beste bat abuztuaren 27an, osteguna, bidaiak barne».

Horrez gain, partidarako hiru egun falta zirela erabaki izana salatu dute: «Egutegian azken orduan izaten diren ohiko mugimenduen ildoari jarraitzen dio erabaki horrek. Zoritxarrez, ohituta gaude aurreikuspen eta seriotasun faltara».

Nafarroako taldeak jakinarazi duenez, orain arte saldutako 153 sarreren dirua bueltatuko diete zaleei, eta barkamena eskatu diete.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA