Sadarren puntu bakarra lortzea ez da asegarria. Eta are gutxiago aurreko hiru partidetan zakua hutsik geratu bada. Hala ere, aurrerako urratstzat jo daiteke Osasunak gaur Rayo Vallecanoren aurka lortu duen berdinketa, defentsan zituen arazo larriak konpontzea lortu baitu. Ez erabat, eta horren erakusle da Rayok atsedenetik bueltan sartu duen gola. Guztiz irmo aritu izan balitz, Budimirrek sarturiko gol itzelak garaipena emango ziokeen Nafarroako taldeari. Gehiegizko saria zatekeen, oso gauza gutxi egin baitu erasoan. Gorritxoen jokoa zalantza iturri da oraindik ere. Etxean bisitariak balira bezala aritu dira. Sakon hausnartu beharko dute geldialdi luzean zehar. Behintzat, eten egin dute azken partidetako bolada makurra, erdizka bada ere.
Etxean etxekoekin jokatzea erabaki du Luis Miguel Ramisek, hasierako hamaikakoan harrobiko sei jokalari ipini baititu. Metropolitanon titular gisa jokatzeko aukera eman zion Unai Santosi, eta apustu bera egin du gaur. Atepean ere ez da aldaketarik izan, eta deigarria da: Aitor Fernandezek aurrea hartu dio berriz ere Sergio Herrerari. Merezitako saria jaso du Arrasateko atezainak, gorritxorik onena izan baitzen Atletico Madrilen aurka. Gaur, azken partidan bezala, bost jokalariko lerroa izan du aurretik.
Itoginak konpontzea zen Osasunaren lehentasuna. Ezin zuen bestela izan, azken hiru partidetan 11 gol jaso ondotik. Gorritxoek uzkur abiatu dute partida, arriskuak hartzeko batere asmorik gabe. Baloia Rayoren mende egon da, eta laugarren minutuan lehen abisua bidali dio Aitorri, De Frutosen bitartez. Hark area ertzetik egindako errematea segurtasunez geratu du atezain gorritxoak.
Osasuna gutxi ari zen agertzen erasoan. Barjaren ahaleginek piztu dute bakarrik. Bada, lehen ordu laurdena bete orduko, kapitainak berak abiaturiko jokaldi batean, txapela kentzeko moduko gola sartu du Budimirrek: Alvaroren urruntze txar bat bularrez kontrolatu, eta baloia modu akrobatikoan sareratu du. Gol ederra izan da, baita baliotsua ere, kroaziarrak Lehen Mailan sarturiko ehungarrena baita.
Jarraian, gorritxoen minuturik onenak etorri dira. Bizitu egin dute erritmoa, eta itsaskorrak izan dira presioan. Hala ere, ekimena Rayoren esku utzi dute berandu gabe. Gutxienez, tinko eutsi diete bisitarien ahaleginei. Korner batean anabasa sortu da atsedenera iritsi aurretik, eta orduan urduritu dira gehien. Gainontzean, ez dute sufritu.
Hobeto bi aurrelarirekin
Aldageletatik itzuli eta gutxira, ordea, zirrikitua aurkitu du Rayok, Asier Osanbelaren pase txar bat baliatuta. Adria Pedrosa barreneraino sartu da, eta haren erdiraketa maisuki sareratu du Sergio Camellok; zazpigarren gola du sasoi honetan. Jarraian, oso urrundik boleaz jaurti du, eta gola ez du oso aparte izan. Rayok garaipenaren bila jardun du partida berdindu ondotik; Osasuna, aldiz, bere zelaian giltzapetu da. Ramisek Moro eta Bretones zelairatu ditu lehenik, eta Dubasin eta Torro hurrena, baina nafarrek bere horretan jarraitu dute.
Raul Garcia de Harok, ordea, freskatu egin du taldearen jokoa. On egin die gorritxoei aurrean bi erreferentzia edukitzeak. Budimir boleaz saiatu da, eta Raulek aukera ona izan du geroago, Iker Muñozen jokaldi fin baten ondoren. Errematea erdira egin du, ordea. Azken minutuak nahiko eroak izan dira, eta area batean zein bestean ibili da baloia. Aldaketak agortuta zirela, min hartu du Morok. Hortaz, hamar jokalari zituela amaitu du partida Osasunak. Baita puntu bat gehiagorekin ere.
OSASUNA-RAYO VALLECANO
Osasuna. Aitor Fernandez; Argibide, Osanbela, Catena, Unai Santos (Raul, 72. min.), Diego Rico (Bretones, 56. min.); Ruben Garcia (Dubasin, 69. min.), Moncayola (Torro, 69. min.), Iker Muñoz, Kike Barja (Raul Moro, 56. min.); eta Budimir.
Rayo Vallecano. Audero; Andrei, Mujaid, Lejeune, Pedrosa; Unai Lopez (Baillu, 87. min.), Pathe Ciss, Oscar Valentin (Pedro Diaz, 60. min.); De Frutos (Tsitaixvili, 71. min.), Camello (Alemao, 71. min.) eta Alvaro (Bouare, 87. min.).
Golak. 1-0: Budimirrek (16. min.). 1-1: Camellok (50. min.).
REALAK SUSPERTU EGIN NAHI DU BIHAR, MESTALLAN
Realak Valentziaren aurka jokatuko du bihar, Mestallan, Espainiako Lehen Mailako zazpigarren jardunaldian (21:00, Movistar Plus). Txuri-urdinek suspertu egin nahi dute, nahi eta ezin baitabiltza aspaldian. Horren adibide, ostegunean etxean Europa ligan Bournemouthen aurka galdu zuten partida. «Jokalariekin hitz egin dut lehen zatian gertatu zena berriro ez gertatzeko. Irabazi egin nahi dugu, konfiantza hartzeko», esan du Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzaileak.