Josetxo Romero (Iruñea, 1977) Osasunan aritu da bere kirol ibilbide osoan, Eibarren utzita jokatu zuen sasoi batean izan ezik. Kapitainetako bat da, eta jokalari garrantzitsua da oraindik, nahiz eta gutxi jokatzen duen. Ezustekorik ezean, sasoi amaieran agur esango dio Iruñeko taldeari. Hala ere, jokatzen jarraitu nahi du oraindik. Osasunak mailari eustea da bere lehentasuna orain.
Azken hiru partidak irabazita Osasunak salbatuta dirudi. Zer uste duzu?
Orain hiru aste baino askoz gertuago dugu helburua, hori argi dago, baina sasoi honetan jaisteko postuak saihesteko lehian dagoen oreka ikusita, 44 puntu nahikoa ez izatea ere baliteke, eta Getafen salbazioa matematikoki ziurtatzea da asmoa.
Egoera larrian egonagatik, ondo erantzun duzue. Tentsio handia izan al duzue?
Bai, baina beheko postuetan dauden beste talde guztiek bezalaxe. Mendilibar iritsi zenean, emaitza onak lortu genituen, hiru partida jarraian irabazita Europan pentsatzen ere hasi ziren baikorrenak, eta hori izan zen arazoa. Ez zigun mesederik egin horrek, eta ohi baino oker gehiago egin genituen hurrengo partidetan. Zorionez, Bartzelonaren zelaian galdu ostean geure burua jaisteko postuetan ikusi genuenean ondo erreakzionatu genuen. Zoritxarrez, horrelako egoera zailetan nahi baino eskarmentu handiagoa daukagu Osasunako beteranoek, eta horri esker une zailenetan ere lasai egon ginen.
44 punturekin jaistea latza litzateke, baina aukera hori hor dago.
Bai, Ligaren historiari begirada bat botaz gero badakigu inoiz inor ez dela Bigarren Mailara jaitsi 44 punturekin, baina orain arrisku hori hor dago, Zaragozak 45 puntu lortu baititzake azken bi partidak irabaziz gero. Gure esku dago helburua, dena dela.
Getaferen zelaiak oroitzapen on gutxi dakartza Osasunarentzat.
Ez da zelai aproposa guretzat, ez. Datuak hor daude. Baina estatistikei muzin egin eta partida final bat bezala hartzen badugu, punturen bat lortzea ez da ezinezkoa izango. Zailena egin dugu, eta orain kale egitea barkaezina izango litzateke.
Zure denboraldia nola baloratzen duzu?
Niretzat oso denboraldi txarra izan da, urte asko egin ditut Osasunan, eta zalantzarik gabe hau izan da sasoirik eskasena arlo guztietan. Inoiz baino gutxiago jokatu dut, min hartu dut… Dena dela, denboraldi hasieran ere banekien zaila neukala jokatzea, eta gutxi jokatu dudanez, beste ekarpen batzuk egiten ahalegindu naiz. Nire esperientzia taldekideen eskura jarri dut, entrenamenduetan ahalik eta ondoen aritzen saiatu naiz, eta une zailetan kapitain lanak egin ditut.
Sasoiko lehen partidan hasierako hamaikakoan izan zinen, eta Jose Luis Mendilibarren lehendabizikoan ere bai.
Bai, eta Mendilibarren lehen partidan 4-0 irabazi genuenean denboraldi amaieran gehiago joka nezakeela ere sinetsi nuen. Bigarren partidan Levanteren zelaian galdu ostean aulkira itzuli nintzen berriz, dena dela. Nire kirol ibilbideko sasoirik txarrena izan da, argi dago. Baina taldeak mailari eutsiz gero, ez dut damurik izango.
Mendilibarrek zer eman dio taldeari?
Entrenatzaile bakoitzak bere eran ikusten du futbola, eta Mendilibarrekin ausartago ari da Osasuna, nire ustez. Goian presioa egitea gustatzen zaio, eta aurkariaren bila zelairatzea denborarik galdu gabe. Saiatu ostean gauzak oker irteten badira, Mendilibarrek ez dizu ezer txarrik esango, behar bezala saiatzen ez bazara, ordea… Konfiantza berreskuratu dugu berarekin, edozein zelaitan irabaz dezakegula sinetsarazi zigun, eta sasoi osoan etxetik at irabazi gabe izan ostean, hiru irabazi ditugu berarekin.
Zer dakizu zure etorkizunaz? Taldean jarraitzeko eskaintzarik egin dizu klubak? Negoziaziorik izan al da?
Ez, ez, ez didate ezer esan, eta badakit nola izaten diren gauzak horrelakoetan. Ez nau ezustean harrapatuko. Datorren sasoian Osasunan ez jarraitzea izango da normalena. Hemen bizitakoa ez dut inoiz ahaztuko, eta gogorra izango da agur esatea, baina datorren urtean jokatzen jarraitu nahi dut, sasoi honetan erakutsi ez badut ere, oraindik jokatzen jarraitzeko maila badaukadala erakutsi nahi dut datorren denboraldian, han edo hemen.
Ia hogei urte egin dituzu Osasunan. Ohiturak aldatu beharra izateak beldurrik eragiten al dizu?
Ez dakit, Osasunan ez dudala jarraituko barneratuta daukat, baina eguna iristen denean ez dakit nola erreakzionatuko dudan. Jokatzen jarraitu nahi dudala argi daukat, baina familiak ere zeresana izango du nire erabakian.
Maletak egin eta urrutiko lehiaketaren batera joateko prest zaude ala etxetik gertu egon nahi duzu?
Ez dakit, ikusiko dut, baina bakarrik ez noa inora, nire emaztearekin eta nire bi alabekin joango naiz joaten naizen tokira.
Banketxe batean praktikak egiten ari zinen orain urtebete. Erretiroa hartzean hori izango al da zure bizimodua?
Orain arte ikasketak egiten jardun dut, eta praktiken ostean atseden apur bat hartzea erabaki nuen, nire bi alabekin ahal bezainbeste denbora igaro ahal izateko. Beti argi izan dut futbola ez dela betiko, eta unibertsitatetik irten eta gero ere ikasten jarraitu nuen. Futbola utzitakoan familiari eskaini nahi diot arreta guztia urte batzuetan, baina gero lanen bat izan nahiko nuke.
Futbola utzi aurretik Lehen Mailan gol bat sartuko duzu?
Golak sartzea da gauzarik ederrena, eta atzelaria izanik nire lana golak eragoztea gehiago bada ere, argi dago asko poztuko nintzatekeela golen bat sartuko banu. Halere, horrek ez dit loa kentzen.
Josetxo Romero. Osasunako jokalaria
«Osasuna utzi beharko dudala barneratu dut, baina jokatzen jarraitu nahi dut»
Denboraldi amaieran Osasuna utziko du Josetxo Romerok, baina gaur egun bere etorkizunak baino gehiago taldearenak kezkatzen du, Lehen Mailan utzi nahi baitu bere bihotzeko taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu