Ona eta txarra, bietatik izan zuen atzo egunak euskal taldeentzat. Osasunarentzat egun ona izan zen, irabazi egin baitzuen Balaidosen, Celtaren aurka: 1-2. Denboraldiko lehen garaipena du, eta, bi partida jokatu eta gero, lau puntu ditu denera. Athleticentzat, ordea, egun txarra izan zen, galdu egin baitzuen Camp Noun, Bartzelonaren kontra: 2-0. Bi neurketa jokatu eta gero, ez du puntu bakar bat ere bildu, bi neurketak galdu baititu. 2020-2021eko sasoitik ez zen horren gaizki hasia. Iaz, aurreneko hiru partidak irabazi zituen.
Destinoak horrelakoak ditu. Osasunak duela urte erdi pasatxo irabazi zuen azkenekoz Espainiako Ligan, 1-2; noren-eta Celtaren aurka, Balaidosen, eta atzo, toki berean irabazita eten zuen bolada txarra, emaitza berbera bilduta. Luis Miguel Ramisek entrenatutako taldea behetik gora eginda nagusitu zen, eta susperraldi horretan eragin zuzena izan zuen epaileak 51. minutuan Marcos Alonso Celtako jokalaria kanporatu izanak. Marcos Alonsok ostiko gogorra eman zion Iker Muñozi, eta epaileak txartel horia atera zion, baina, jokaldia telebistan ikusi eta gero, gorria. Ordu arte, etxeko taldea nagusi zen zelaian eta emaitzan: Iago Aspasek gola sartu zuen neurketa hasi eta gutxira, hamalaugarren minutuan. Osasuna, berriz, eskas ari zen, eta ia ez zuen taxuzko ezer egin.
Baina jokalari bat gehiago edukita, nafarrek susperraldi ederra izan zuten. Epaileak Marcos Alonso kanporatu eta hiru minutu eskasera, Kike Barjak banakoa lortu zuen. Handik hamar minutura, Javi Galanek eskuarekin ukitu zuen baloia, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Ante Budimirrek bota zuen, eta huts egin ez. Denboraldiko lehen gola du aurrelari kroaziarrak. 64. minutua zen, eta ordu erdi falta zen partida bukatzeko. Osasunak sufritu egin zuen, etxekoek estu hartu baitzuten, baina ez zuten helburua lortu: berdintzea. Neurketaren amaieran, Osasunako kideek pozez gainezka ospatu zuten garaipena. Txukun hasi da Ramisen aroa. Gorritxoak konfiantzaz iritsiko dira hurrengo neurketara: astelehenean jokatuko dute, Sadarren, Getaferen aurka.

Athletic, ezinean
Ramisen aroa txukun hasi bada, oso bestela hasi da Edin Terzicena Athleticen: talde zuri-gorriak bi neurketa jokatu ditu, eta biak galdu ditu. Atzo, oso erronka zaila zuen, Camp Noun jokatzekoa baitzen, Bartzelona ahaltsuaren aurka. Terzicek entrenatutako taldeak gutxienez lehiakor aritu nahi zuen, baina ez zuen lortu, eta ez zuen aukerarik txikiena ere izan Bartzelona ezustean harrapatzeko.
2-0 galdu zuen, eta, emaitza hori ikusita, pentsa daiteke Athletic nor baino nor gehiago aritu zela Bartzelonarekin, baina inondik inora ere ez, etxekoak oso nagusi izan baitziren. Unai Simorengatik izan ez balitz, Athleticek alde handiz galduko zuen. Baina atezainak etxekoen ahalegin asko zapuztu zituen. Zutoinak eta langak ere lagun izan zituen. Ezer gutxi egin ahal izan zuen aurkariak gola sartzea lortu zuen bi aldietan. Raphinhak sartu zuen lehena, 37. minutuan, eta Ferminek bigarrena, 82. minutuan. Bigarren golean huts larria egin zuen Aymeric Laportek.
Athleticek, ia arriskurik sortu ez, eta lehen ordubetean ez zuen gol aukera garbi bakar bat ere izan. Hori ikusita, Terzicek aldaketak egin zituen, eta bereziki bik mesede egin zioten taldeari: Alex Berenguer eta Robert Navarro zelairatu zituen Iñaki eta Nico Williamsen ordez. Aldaketa horiei esker, Athleticek aurrerapauso txiki bat eman zuen, eta, hala, 75. minutuan, Sancetek ia sartu zuen banakoa, baina urrutitik egin zuen jaurtiketak zutoina jo zuen. Hori izan zen Athleticek atzo egin zuen gauzarik aipagarriena. Oso gutxi da. Asko hobetu behar du, eta azkar, igandean jokatuko baitu berriro, Balaidosen, Celtaren kontra. Oso kezkagarria litzateke hirugarrenez jarraian esku hutsik geratzea.