Deportivo 2-1 Osasuna

Osasunak 2-1 galdu du Deportivoren aurka

Nafarrak aurretik jarri dira lehen zatian, baina etxeko taldeak partida irauli du bigarrenean. Nsongok 87. minutuan sartu du gol erabakigarria.

Yeremay baloiarekin, inguruan Osasunako hiru jokalari dituela. CABALAR / EFE
Yeremay baloiarekin, inguruan Osasunako hiru jokalari dituela. CABALAR / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko azaroaren 2a
23:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxetik urrun nahi eta ezin ari da Osasuna, eta, gaur ere, galdu egin du Deportivoren zelaian: 2-1. Partida kaskarra jokatu dute nafarrek. Markagailuan aurretik jarri dira lehen zatian, Budimirrek sartutako gol bati esker, baina etxeko taldeak partida irauli du bigarrenean. Nsongok 87. minutuan sartu du gol erabakigarria, eta kolpe latza hartu dute gorritxoek. 

Galduta hasi du partida Osasunak. Deportivok agindu du jokoan, eta Jagoba Arrasatek zuzendutakoei kostatu zaie partidari neurria hartzea. Bi huts larri egin dituzte lehen hamar minutuetan, eta, Sergio Herrerarengatik ez balitz, bestelakoa litzateke kontua.

Hain zuzen, bigarren minutuan, Boyomok eta Catenak talka egin dute zelai erdian, eta Yeremay Deportivoko jokalariak hartu du baloia. Bakarrik eta bizi-bizi joan da Herrerak babestutako ateraino, baina azken ukituan luze joan zaio kontrola, eta adi zegoen atezaina, Nafarroako taldea salbatzeko.

Zortzigarren minutuan, beste hainbeste: lo hartu du Catenak, eta baloia lapurtu dio Yeremayk. Sergio Herreraren aurrean bakarrik geratu da Deportivoko jokalaria, baina ez du lortu atezaina engainatzea. Erantzun bikaina eman dio Herrerak.

Azkenean, Osasuna izan da aurkariaren hutsa aprobetxatu duena. Leo Roman atezainak taldekide bati eman nahi zion baloia, baina Dubasini pasatu dio, eta Nafarroako taldeak oparia aprobetxatu du. Dubasinek Moi Gomezi eman dio baloia, eta hark Budimirri, aurrelariak gola egin zezan. Hala, gorritxoak aurretik jarri dira 32. minutuan. Zortzi gol daramatza Budimirrek 11 partidatan.

Hobeto aritu da Deportivo lehen zatian, eta kaskar jardun du Nafarroako taldeak. Baina, hala ere,  markagailua alde zutela joan dira jokalariak aldageletara.

Azken unean, kolpea

Aurrerapausoa eman du Osasunak bigarren zatian, eta ondo egin dio aurre aurkariari. Deserosoago sumatu dira galiziarrak, eta gehiago kostatu zaie aukerak sortzea. Baina, orduantxe, Osasunak partida kontrolpean zuela zirudienean, faltaz berdindu du neurketa Deportivok, 64. minutuan. Luismi Cruzek baloia ukitu, eta azpitik jaurtiketa indartsua egin du Sorianok, zuzenean sarera joan dena.

Gainera, hortik lau minutura, berriro ere faltaz gola sartzear egon da Deportivo. Langa jo du Luismi Cruzen jaurtiketak.

Korapilatu egin zaio partida Osasunari, eta gora egin du Deportivok. Garaipena nahi zuten etxekoek, eta jaso dute saria: 87. minutuan, gola sartu du Nsongok. Adamak jokaldi bikaina egin du eskuin hegaletik, eta, Sergio Herrerak Aubameyangen burukada geratu badu ere, aldaratzean adi zegoen Nsongo, baloia sarera botatzeko.

Osambelak izan du luzapenean partida berdintzeko aukera, baina haren burukadak langa gaina jo du. Horiek horrela, gaurkoan ere, esku hutsik geratu dira nafarrak.

Deportivo-Osasuna

Deportivo. Leo Roman; Altimira, Loureiro, Gimenez, Quagliata (Adama, 56. min.); Mella (Navarro, 90. min.), Amatucci, Mario Soriano (Rodriguez, 90. min.), Yeremay; Luismi Cruz (Aubameyang, 69. min.) eta Nsongo.

Osasuna. Sergio Herrera; Rosier (Kike Barka, 89. min.), Boyomo, Catena, Bretones; Moncayola (Argibide, 78. min.), Iker Muñoz, Moro (Osambela, 69. min.), Dubasin (Ruben Garcia, 69. min.), Moi Gomez; eta Budimir (Raul Garcia, 78. min.).

Golak. 0-1: Budimirrek (32. min.); 1-1: Sorianok (64. min.); 2-1: Nsongok (87. min.).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA