OSASUNA 2-0 LEVANTE

Osasunak arnasa hartu du, Sadarren Levanteri irabazita

Talde gorritxoak ez du aparteko lanik egin, baina, oraingoan, eraginkor aritu da. Lehen zatian sartu ditu partidako bi golak: lehena, Victor Muñozek, eta, bigarrena, Ruben Garciak. Torrok eta Aimarrek min hartu dute.

Victor Muñoz. VILLAR LOPEZ / EFE
Victor Muñoz, lehen gola ospatzen. VILLAR LOPEZ / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko abenduaren 8a
22:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arnasa hartu du Osasunak. 2-0 irabazi dio gaur gauean Levanteri Sadarren. Beharra zuen, arnasestuka baitzebilen aspaldian Espainiako ligan: sei jardunaldi zeramatzan partidarik irabazi gabe. Horrenbesteko premia zuen irabazteko, ezen Alessio Liscik Levanteren aurka jokatu bezperan esan baitzuen «orain arteko partidarik garrantzitsuena» zela. Osasunako entrenatzaileak taldea susperrarazi nahi zuen hori esanda. Nahi, eta lortu ere bai.

Gaur irabazi eta gero, apur bat lasaiago dago Osasunaren ingurua. Taldeak bi postu egin ditu gora sailkapenean, eta, hamabosgarrenean dago orain, jaitsieratik hiru puntura. Baina ezin du paparra puztu. Izan ere, baliteke lasaitasun horrek oso gutxi irautea, Osasunak Bartzelona lehen sailkatuaren zelaian jokatuko baitu hurrengo partida. Levantek erraztasunak eman dizkio gaur talde gorritxoari. Ezusterik ezean, horrelakorik ez zaio pasatuko Nou Campen. 

Hasieratik sumatu da oso partida garrantzitsua zela. Osasunako jokalariek gogotsu ekin diote lehiari, eta lehen minutuan bitan iritsi dira sortu dute arriskua Levanteren arean. Ekinean jarraitu dute, eta, aurkaria bere arean sartu dute. Ez dute asko itxaron behar izan saria jasotzeko. Hamahirugarren minutuan, Raul Garciak baloia erdiratu du eskuinetik, eta Victor Muñozek bikain errematatu du buruz sareetara. Lehen lana egina zuen Osasunak: gola sartzea eta aurretik jartzea. 

Gola jaso eta gero, Levantek erasora jo du, eta estu hartu ditu etxekoak. Sergio Herrera nabarmendu da, bisitarien ahalegin oro zapuztu baititu. Estu zebilen Osasuna, baina modurik onenean arindu du egoera, bigarren gola sartuta. 37. minutuan, Ruben Garciak area kanpotik jaurti du, eta baloiak Brugueren bizkarrean jo du, nahikoa Ryan Levanteko atezainak ez izateko astirik erreakzionatzeko. Nekez sar zezakeen une aproposagoan bigarren gola talde gorritxoak, sufritzen ari baitzen. 

2-0 bukatu da lehen zatia. Emaitza oso ona zen, kontuan hartuta Osasunak ez zuela aparteko lanik egin. Baina beste neurketa batzuetan izan ez duen eraginkortasuna izan du, baita zorte pixka bat ere. Lehen helburua beteta, argia zen bigarren zatirako helburua: abantailari eustea, eta, ahal izanez gero, estutasun handirik pasatu gabe.

Zorigaiztoko lesioak

Bigarren helburu hori ere lortu du, nahiz eta bigarren zatiaren hasieran zorigaiztoko ustekabea izan duen: Torrok min hartu du, eta Liscik Iker Muñoz zelairatu du haren ordez. Hain zuzen, aldaketa hori egin berritan partida erabakita uztear izan da Budimir, baina Ryanek geldiketa ikusgarria egin dio. Levantek ere gertu izan du gola, baina Boyomok atepetik atera du baloia.

Hurrengo minutuetan ezer gutxi gertatu da, eta bi entrenatzaileek egiteko zituzten aldaketa guztiak egin dituzte. Liscik bat egin behar izan du behartuta, Aimarrek min hartu baitu orkatilan. Ikusteko dago lesioa arina edo larria den. Hark eta Torrok min hartzea izan da partidako okerrena. Bestelakoan, dena izan da ona: aspaldiko partez, Osasunak irabazi egin du, eta, horri esker, arnasa hartu du. 

OSASUNA-LEVANTE
Osasuna. Sergio Herrera; Argibide (Juan Cruz, 69. min.), Boyomo, Catena, Abel Bretones; Torro (Iker Muñoz, 51. min.), Moncayola; Ruben Garcia (Moi Gomez, 69. min.), Aimar Oroz (Becker, 74. min.), Víctor Muñoz (Herrando, 74. min.); eta Budimir.
Levante. Ryan; Toljan, Matturro, Cabello (Olasagasti, 77. min.), Manu Sanchez; Carlos Alvarez, Arriaga, Vencedor (Morales, 77. min.), Brugue (Iker Losada, 62. min.); Romero (Koyalipou, 82. min.) eta Etta Eyong (Victor Garcia, 76. min.).
Golak. 1-0. Victor Muñozek (13. min.). 2-0. Ruben Garciak (37. min.).

BIHAR ZOZKATUKO DITUZTE ESPAINIAKO KOPAKO FINAL-HAMASEIRENAK

Athletic, Reala, Alaves, Osasuna eta Eibarreko zaleek adi jarraituko dute bihar 13:00etan egingo duten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketa. Espainiako Superkopa jokatuko duenez, Athletic ez da aritu orain arte, eta kanporaketa honetan ekingo dio lehiari. Talde apal baten aurka ariko da: Ourense, Atletico Baleares, Murtzia, Eldense, Guadalajara edo Talaveraren kontra. Realak eta Alavesek, berriz, Kopan ari diren Espainiako Federazioko Lehen Mailako, edo Espainiako Bigarren edo Lehen mailako 25 taldeetako baten aurka jokatuko dute. Eibarrek, azkenik, Lehen Mailako aurkari bat izango du. Final-hamaseirenetako partidak abenduaren 16an, 17an eta 18an jokatuko dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.