Futbola. Espainiako Kopa

Osasunak, Athleticek eta Realak aurrera egin dute; Amorebietak eta Eibarrek ez

Arnaizek luzapenean sartutako golari esker, final-zortzirenetan izango dira nafarrak (0-1). Urritxen, Celta hobea izan da bigarren zatian (2-4). Zuri-gorriek nagusitasunez menderatu dituzte armaginak (0-3). Realak Malagaren hutsari esker irabazi du (0-1).

(ID_13475700) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Athleticeko eta Eibarreko jokalariak lehian, Ipuruan (Eibar, Gipuzkoa).
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 7a
22:45
Entzun

Euskal talde nagusiek Espainiako Kopako final-hamaseirenak dituzte gaur. Amorebieta izan da jokatzen lehenengoa, eta, hainbat minutuz Lehen Mailako Celtaren aurretik joan bada ere, bizkaitarrek ezin izan dute irabazi (2-4). Osasunak, berriz, luzapenean 0-1 irabazi du Castellonen (Herrialde Katalanak). Eibarrek eta Athleticek elkarren aurka jokatu dute, eta zuri-gorriek bolada ezin hobean daudela erakutsi dute Ipuruan (0-3). Realak itxi du jardunaldia: Malagari egin dio bisita, eta etxekoek haien atean sartutako gola dela-eta sailkatu dira txuri-urdinak final-zortzirenetarako (0-1). Alavesek Betis kanporatu zuen atzo (1-0), eta final-zortzirenetako zozketan izango da bihar.

Amorebieta 2-4 Celta

(ID_13474653) -FOTODELDÍA- ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Amorebietako eta Celtako jokalariak lehian, gaur, Urritxen.

Ligan, Bigarren Mailan, ez da denboraldi samurra izaten ari Amorebietarentzat. Bizkaiko taldeak 15 puntu soilik poltsikoratu ditu, eta azken-bigarren postuan da sailkapenean. Jokalariak, ordea, joerari buelta emateko asmoz zelairatu dira gaur Urritxera, Celtaren aurka. Eta hainbat minutuz ametsa errealitate izan da, zaleen gozamenerako. 

Bi entrenatzaileek aldaketa ugari egin dituzte hamaikakoetan, eta ezohiko jokalariak izan dira protagonista gaur. Lehen minutuetan hobea izan da Celta, eta saria ere azkar heldu zaio: bosgarren minutuan sartu du gola Miguelek. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Amorebietak hobera egin du, eta markagailua iraultzea lortu du atsedenaldia baino lehen, Jauregiren eta Raycoren golei esker. Bost minutuan heldu dira biak, 29.ean eta 34.ean. 

Bigarren zatian beste jarrera batekin zelairatu dira bisitariak, eta zazpi minutu soilik behar izan dituzte berriz ere aurrea hartzeko (2-3). Jailsonek eta Douvykasek sartu dituzte golak. Aurrelari greziarrak izan ditu aukera gehiago ere, eta neurketa amaitzeko ordu laurden falta zela, sartu du Celtaren laugarrena. Amorebietak egin ditu ahaleginak azken minutuetan, baina Kopako ametsak ihes egin du Urritxetik.

Castellon 0-1 Osasuna

(ID_13475347) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Jose Arnaiz Osasunaren gola ospatzen, gaur, Castellonen (Herrialde Katalanak).

Espainiako Kopako txapeldunordea da Osasuna, baina gisa horretako lehiaketetan ezer gutxirako balio du horrek. Jagoba Arrasateren taldeak bizirik jarraitzen du, baina gogotik egin behar izan du lan Lehen Federazioko Castellon kanporatzeko (0-1). Iazko emaitzari esker, gaurkoa izan da aurtengo Kopan jokatu duten lehen partida.

Luzapenean, Jose Arnaiz izan da heroia. Nafarrak sartu du garaipenaren gola, Aresoren jokaldi on bat baliatuta. 108. minutua zen.

Partidan zehar gehiago izan da Osasuna, eta izan ditu gola sartzeko aukera mordoa. Argienak, Raul Garcia aurrelariak. Ez ditu baliatu, ordea, eta luzapeneraino heldu da norgehiagoka. Azken minutu horietan agerikoa izan da nafarrak fisikoki hobeto zeudela, eta, golaz gain, beste bi jaurtiketa egin dituzte zutoinera. Datozen orduetan Saudi Arabiara bidaiatuko du taldeak Espainiako Superkopa jokatzeko.

Eibar 0-3 Athletic

(ID_13475630) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-07, Eibar. Futbola
Athleticeko jokalariak Villalibreren bigarren gola ospatzen, Athleticen hirugarrena, Ipuruan (Eibar, Gipuzkoa).

Jardunaldiko euskal derbi bakarra ez da uste zen bezain lehiatua izan. Athleticek izan dituen aukera guztiak baliatu ditu lehen zatian, eta hiru zutoinen artera egin dituen hiru erremateek sareetan amaitu dute. Bi gol sartu ditu Villalibrek eta bat Muniainek. Bolada onari jarraipena eman diote zuri-gorriek, eta final-zortzirenetan izango dira (0-3).

Dena den, partidako lehen aukera argia Eibarrena izan da. Bautista bakarrik geratu da Agirrezabalaren aurrean, baina buruz burukoan hobea izan da Athleticeko atezaina. Armaginek barkatu dute, baina ez bizkaitarrek. Izan duten lehen aukera argian, 17. minutuan, Villalibrek errematatu du Nico Williamsen erdiraketa bikaina. Etxekoek erasoan jarraitu dute, baina berriz ere Williamsen jokaldi bat baliatuta, Muniainek egin du bigarrena. Ikusgarria izan da kapitainaren ezkerkada. Villalibrek 40. minutuan sartu du hirugarrena, kontraeraso batean.

Bigarren zatian gertuago izan da Athleticen laugarren gola Eibarren lehenengoa baino, eta bisitariek arazorik gabe eutsi diote aldeari.

Malaga 0-1 Reala

Malaga 0-1 Reala
Mikel Merino eta Einar Galilea jokalariak, baloia nork lortuko. DANIEL PEREZ/EFE

Hirugarren kanporaketa jokatu du Realak Malagako La Rosaleda estadioan, eta hirugarrenez jarraian 0-1 irabazi —Buñoli eta Andratxi taldeak izan ditu aurkari aurreko bietan—. Espainiako Lehenengo Federazio Mailako taldea da Malaga, eta Reala baino bi maila beherago dago. Etxekoak indartsu hasi badira ere, Realak aukerak izan ditu partidako lehen gola sartzeko; Malagako atezain Carlos Lopezek, ordea, Oiarzabalen eta Zakharyanen jaurtiketak gelditu ditu, besteak beste. Malagak ere ozta-ozta sartu du gola. Lehen zatia amaitzerako, partida irauli dute txuri-urdinek, nahiz eta hutsean zegoen markagailua.

Bigarren zatian Carlos Fernandez eta Beñat Turrientes atera dira zelaira. Gola beste batek sartu du: Einar Galilea Malagakoak. 49. minutuan, Merino burukadaz saiatu da gola sartzen, eta Galileak, baloia berreskuratzeko asmoz, gola sartu du bere taldearen atean.

Malaga markagailua banan uztea saiatu da gainontzeko bigarren aldian; ez du lortu. Realak erritmoari eutsi dio partida amaierara arte, eta ondo defendatu du atea. Bigarren gola sartzeko aukerarik izan du Oiarzabalek, baina, azkenean, Galileak berak eragotzi egin du hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.