Osasuna erdizka geratu da gaur ligako lehen partidan, hutsean berdindu baitu Levanteren aurka, Sadarren. Sari txikia da, talde gorritxoak irabazi beharra baitzuen, irabaztea baita kirol proiektu bati ekiteko modurik onena. Irabaztea mesedegarria da egindako apustuari indarra emateko, zalantzak uxatzeko, eta zaleengan ilusioa pizteko. Hain zuzen, horren beharra du Osasunak, klubak Luis Miguel Ramisen alde egindako apustuak ez baitu aparteko ilusiorik piztu zaleen artean, eta, hori gutxi ez, eta denboraldiaurrean taldea gorabeheratsu aritu baita. Gaur, aukera zuen baikortasunari bide emateko, baina erdizka geratu da. Irabaztea merezi izan du, Levantek baino aukera garbi gehiago izan baititu, baina Ryanek, Levanteko atezainak zapuztu ditu guztiak. Osasunak lau hilabete daramatza Sadarren irabazi gabe.
Denboraldiaurrean ikusi zen, eta gaur ere bai: klubak azken orduan jokalari dezente fitxatu ezean, Ramisek ez du iraultzarik egingo. Horren erakusle, gaur zelairatu duen hasierako hamaikakoa, aurreko sasoian taldean ari ziren 11 jokalariren alde egin baitu. Herrera aritu da atean; Argibide, Catena, Herrando eta Bretones, defentsan; Moncayola eta Iker Muñoz, euskarrian; Ruben Garcia, Aimar eta Moi Gomez, aurrerago; eta Budimir, erasoan. Ramisek aulkian utzi ditu jokatzeko prest dauden bi fitxaketak: Diego Rico eta Dubasin. Ikusteko zegoen ea hasieran aurrelari bat edo bi zelairatuko zituen, eta Budimirri baino ez dio tokia egin. Haren estiloari jarraituz, ordenaren eta sendotasunaren alde egindu. Helburua lortu du, eta taldeak ez du golik jaso, baina eraginkortasuna falta izan zaio.Â
Osasunak gogotsu ekin dio partidari, eta gutxigatik ez du gola sartu hasi berritan, baina Ryanek gelditu egin du korner batean Catenak buruz egindako errematea. Gorritxoen grina horrek, ordea, ez du luzaroan iraun, eta, pixkanaka-pixkanaka, Levante baloiaren jabe egin da. Hasiera batean, Osasuna ez da sobera kezkatu horregatik, eta bazirudien nahiago zuela zain egon eta bizi-bizi erasora atera. Baina gehiegizko zuhurtzia hori garesti ordaintzekotan egon da, 33. minutuan Bruguek langara bota baitu baloia.Â
Eraginkortasunik eza
Susto horrek suspertu egin ditu etxekoak, eta gogotsu ekin diote berriro. Hala, lehen zatiko azken minutuetan estu hartu dute Levante, eta Moncayolak gutxigatik ez du sartu gola jaurtiketa eder bati esker, baina Ryanek berriro zapuztu egin du etxekoen ahalegina. Hala, golik gabe amaitu da lehen zatia.
Etenak ez du apaldu etxekoen gogoa, eta Budimirrek aukera garbia izan du 53. minutuan, baina hari ere geldiketa bikaina egin dio Levanteko atezainak. Budimirrek beste aukera garbi bat izan du handik gutxira, baina haren erremateak zutoina jo du lehenbizi, eta baloia sareetara zihoanean Mandik gorputzarekin urrundu du. Arrisku handiz iristen ari ziren gorritxoak Levanteren areara, baina ate aurrean asmatzea falta zitzaien.Â
Osasunako jokalariak nekea sumatzen hasi dira, eta taldeari freskotasuna eman nahian, Ramisek bi aldaketa egin ditu 71. minutuan: Raul Moro eta Raul Garcia de Haro zelairatu ditu Ruben Garciaren eta Aimarren ordez. Erasora jokatzeko aldaketak ziren, gola sartu nahi eta behar baitzuten gorritxoek. Osasunako entrenatzaileak beste hiru aldaketa egin ditu azken minutuetan: Lucas Torrok, Dubasinek eta Kike Barjak Argibide, Budimir eta Moi Gomez ordezkatu dituzte. Baina alferrik, eta azken txanpan ezer gutxi gertatu da. Partida bukatzean txistu batzuk entzun dira. Ez da seinale ona.