Osasuna 2-2 Bartzelona

Osasunak berdinketa gogoangarria lortu du Bartzelonaren aurka etxean

Iruñeko taldeak 27 jardunaldi daramatza Espainiako Ligan galdu gabe.

Osasunako jokalariak, Torresen bi goletako bat ospatzen. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2019ko abuztuaren 31
19:35
Entzun

Berdinketak, batzuetan, puntu bat baino gehiago dira. Hala gertatu zitzaion Realari Espainiako Ligako lehen jardunaldian, Valentziaren aurka luzapenan berdindu baitzuen 100. minutuan ia. Valentziara joan ziren zale txuri-urdinek ondo gogoan izango dute Oiarzabalek penaltiz sartu zuen gol hura, eta, modu berean, Osasunako zaleek ez dute irabazitako puntuagatik soilik gogoratuko atzoko partida. Jagoba Arrasateren jokalariek bina berdindu zuten, puntu bat irabazi zuten, baina Lehen Mailara itzuli diren denboraldi honetan Bartzelonari irabaztea hori baino gehiago da. Eta hala ospatu zuten atzo Iruñean. Jokalariek eta zaleek.

Aurrez aurre ziren Sadarren aurreko denboraldiko Lehen Mailako txapelduna eta Bigarren Mailakoa. Aldea nabaria da. Ernesto Valverderen taldeari, ordea, kostatzen ari zaio denboraldi hasieran irabaztea, eta, lehen jardunaldian Athleticen aurka San Mamesen hiru puntuk ihes egin zioten bezala, atzo bi joan zitzaizkion. Jagoba Arrasatek argi utzi zuen partidaren ondoren: Osasuna eroso antzean aritu zen lehen zatian, baloia Bartzelonak izanagatik, eta bigarrenean Bartzelonak bi gol sartu ondoren aurkari horien aurrean partida aldapa gora zela berdintzea lortzea, hori puntu bat irabaztea baino gehiago da.

Osasunaren gol batekin hasi zen, gainera, partida. Roberto Torresek zazpigarren minutuan sartu zuen lehenengoa. Ez zen ondo aritu Bartzelona Osasunaren presiotik atera ezin, eta, bigarren zatian, Valverdek Ansu Fati zelairatu zuen. 16 urte eta 304 egun ditu, eta bigarren partida zuen aurrelari gazteak Bartzelonaren lehen taldearekin; bada, modu ezin hobean aprobetxatu zuen aukera: beste itxura bat eman zuen Bartzelonak berarekin, eta bere lehen gola sartu zuen, 50. minutuan. Hala, Bartzelonaren historiako inoizko golegilerik gazteena bihurtu da. Bartzelonaren bigarren gola Arthur Melok sartu zuen, hamar minutu geroago, hori ere beste jokalari bat ordezkatuz zelairatu ondoren.

Bazirudien 1-2koarekin Bartzelonak partida menderatuko zuela, hori espero zitekeen munduko talde onenetako batengandik. Baina Osasuna ez zen kikildu, eta bizkortu egin zuen jokoa; lehen zatian bezala, ito egin zuen Bartzelona, eta, abiada horretan, Piquek penaltia egin zuen baloiak eskuan jo zuenean. Atzelari kataluniarrak protesta egin zuen nahi gabe jo zuela esanez, baina haren besoak argi eta garbi eten zuen jokaldia, eta epaileak ez zuen zalantzarik izan. Torresek maisuki sartu zuen penalti jaurtiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.