BETIS 5-2 OSASUNA

Osasunak bost gol jaso ditu Betisen aurka

Nafarrak 3-0 hasi ziren galtzen, 3-2ra murriztu zuten abantaila, baina beste bi gol jaso zituzten ondoren. Sevillako taldea nagusi izan zen neurketa osoan zehar.

Moncayola eta Catena, Cucho Hernandezi baloia kentzen saiatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
Moncayola eta Catena, Cucho Hernandezi baloia kentzen saiatzen. JULIO MUÑOZ / EFE
Julen Urrestarazu
2026ko urriaren 12a
07:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Porrot mingarria jaso zuen atzo Osasunak Sevillan: 5-2 galdu zuen Betisen aurka. Selekzioen etenaldiak ez zituen geratu nafarrek aurretik zituzten sentsazio txarrak, eta Betis jaun eta jabe izan zen neurketan.

Sevillako taldea hirugarren zen sailkapenean, zazpitik bost partida irabazita; eta Osasunari nagusitu zitzaion hasieratik. Zazpigarren minutuan, Santosek aurpegian jo zuen Riquelme area barruan, eta epaileak penalti adierazi zuen. Iscok ez zuen huts egin. Betisek partida kontrolpean izan zuen, eta bigarren gola sartu zuen 30. minutuan: Abde Aitor Fernandezen aurrean geratu zen Cucho Hernandezen pase eder baten ondoren, eta Osasunako jokalari ohiak ez zuen huts egin.

Atsedenaldiaren ostean, hirugarren gola jaso zuen Osasunak: falta batean, Budimir baloia urruntzen saiatu zen buruz, baina baloiak Diego Llorenteren buruan jo zuen eta atean sartu zen.

Erreakzioa ez zen nahikoa izan

Osasunak, ordea, ez zuen etsi. 50. minutuan, Raul Garcia de Harok baloia lapurtu zion Bellerini Betisen area ertzean, eta Budimirrek gola sartu zuen, haren seigarrena denboraldi honetan. Bost minutu beranduago, bigarren jokaldi batean, Catenaren erremate saiakera Garcia de Harok sareratu zuen buruz.

Nafarrek gol bakarrera murriztu zuten emaitza, baina Betis ez zen urduritu, eta hamar minutu beranduago Iscok laugarren gola sartu zuen espainiarrentzat. Osasunak ez zuen aukerarik sortu emaitza berriro murrizteko, eta Morantek Betisen bosgarren gola sartu zuen partida bukatzear zela.

Osasunarentzat zelai zaila da Betisena, 2014ean irabazi baitzuen han azken aldiz. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA