Elx 0-0 Osasuna

Osasunak hutsean berdindu du Elxen

Gorritxoek ez dute partida distiratsua egin, baina puntu ona lortu dute. Sergio Herrera atezaina izan da Osasunako jokalari onena.

Galan Osasunako jokalaria baloiarekin, Elxen aurkako partidan. PABLO MIRANZO / EFE
Galan Osasunako jokalaria baloiarekin, Elxen aurkako partidan. PABLO MIRANZO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 13a
23:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxetik kanpo puntuak lortzea beti da garrantzitsua, are gehiago aurkaria hobeto aritu bada. Bolada gozoan dago Osasuna, eta puntu ona lortu du Elxen zelaian. Sergio Herrera gorritxoen atezaina ikusgarri aritu da, eta, hari esker, atea hutsean mantentzea lortu du Osasunak. 

Sadarretik kanpo kamuts hasi zuten denboraldia nafarrek, baina asmatzen ari dira azkenaldian. Rayo Vallecanoren eta Celtaren aurka irabazi ostean, berdindu egin dute Elxen kontra.

Puntu gozoa da gainera, etxeko taldea izan baita nagusi: hamaika aukera izan ditu gola sartzeko, batez ere bigarren zatian, baina ez du lortu. Hala ere, Osasunak izan du partidako azken aukera. Aimar Orozen jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. 

Hasi ere, hobeto hasi da Elx. Osasunak pattal hasi du partida, bigun, eta susto handia hartu du bigarren minutuan. Area kanpotik Elxek egindako jaurtiketa Herrerak gelditu du, eta, aldaratzean, area txikian gaizki jo du baloia Alvaro Rodriguez Elxeko jokalariak.

Esnatzeko balio izan dio behintzat Osasunari. Parekatuak izan dira hurrengo minutuak, eta zelaian ondo kokatu dira nafarrak. Dena den, erasokorrago segitu du Elxek; hark izan du jokoaren ekimena. Osasuna Vicctor Muñozen abiadura baliatzen saiatu da, baina ondo geldiarazi dute.

Azken ordu laurdenean estuago aritu dira gorritxoak. 30. minutuan beste aukera garbi bat izan du Alvarok, baina gora joan zaio baloia. Eta bost minutura, Cepedak ere izan du aukera etxeko taldea aurretik jartzeko. Ez da urduritu Osasuna, eta lanean jarraitu du.

Bigarren zatia, hautsiagoa

Biziagoa izan da bigarren zatia. Lehenago edo beranduago golen bat sartuko zutela zirudien, baina ez da hala izan. Aukera garbienak etxeko taldeak izan ditu. Herrerak 65. minutuan salbatu du lehenengoz Osasuna: Andre da Silvarekin izandako buruz burukoan nagusi izan da. Gutxira, berriro ere aurrez aurre izan dira biak, eta hartan ere beste geldiketa ikusgarri bat egin du gorritxoen atezainak. 

Zerbait aldatu nahian, aldaketa hirukoitza egin du Alessio Liscik, eta Moncayola, Osanbela eta Moro zelairatu dira. Hala ere, ez dira kapaz izan aurkariaren joa apaltzeko.

Osasunak ere erasora jo du ahal zuenean, eta izan ditu markagailuan aurrea hartzeko abaguneak. Ez, baina, hain garbiak. Hautsi egin da partida, eta hiru puntuen bila joan da Elx. 

Azken minutuan gertu izan du gola, baina, beste behin, Herrerarekin egin du topo. Kontraeraso ona osatu du etxeko taldeak, eta Alvarok area txikian egindako errematari erantzun ikusgarria eman dio Herrerak; bularrarekin urrundu du. Gogoz ospatu du geldiketa. 

Kontuak kontu, partida distiratsua egin ez arren, etxetik kanpo beste puntu bat poltsikoratu du Osasunak. Eta ikusitakoak ikusita, gustura egoteko moduan dira. Garrantzitsua da hain fin ez aritutakoan ere esku hutsik ez geratzea.

Elx-Osasuna

Elx. Dituro; Chust, Bigas, Petrot; Tete Morente (Santiago, 85. min), Aguado (John, 80. min.), Febas, Cepeda (Neto, 80. min.), German Valera; Alvaro Rodriguez eta Andre Silva (Rafa Mir, 85. min.).

Osasuna. Sergio Herrera; Rosier, Catena, Herrando, Galan; Iker Muñoz (Moncayola, 66. min.), Torro (Osanbela, 66. min.); Ruben Garcia (Bretones, 85. min), Aimar Oroz, Victor Muñoz (Moro, 66. min.); eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 74. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.