Mestallako giro gaiztotuaren erdian, gaiztakeria egin nahi zuen Osasunak, eta aspaldiko partez etxetik kanpo irabazi. Hori lortzeko asmoz, lehiakorrago jardun du bisitari gisa; aurrerako urratsa egin du, Arrasatek Iruñetik urrun zuzenduriko lehen partidekin alderatuta. Haatik, hobekuntza ez da behar adinakoa izan, eta gorritxoak erdizka geratu dira. Zailena egin dute: markagailuan aurrea hartzea, alegia. Gutxi iraun die, ordea, Ruben Garciaren golak eragindako pozak, Valentziak laster erantzun baitie.
Asier Osanbelak bigarrena egin du arauzko denbora agortzear zela, baina orduan ere, aurpegia berehala ilundu zaie nafarrei: epaileak baliogabetu egin du erdilariaren gola, kontrola besoarekin egin duela iritzita. Puntuak zapore gazi-gozoa utzi dio Osasunari, baina alde onari erreparatuz, hirugarren partida kateatu dute galdu gabe, eta abuztuaz geroztik lehen aldiz, ez da esku hutsik gelditu beste norbaiten zelaian.
Etxetik kanpoko jarduna zuzentzeko asmoz, oso hamaikako erasokorra zelairatu du Jagoba Arrasatek. Zelai erdian, sormenaren alde egin du apustu, eta berriz ere Moi Gomez, Moncayola eta Aimar Oroz elkartu ditu. Hori horrela, aulkian geratu dira Iker Muñoz zein Lucas Torro. Hegaletan, berriz, hasieratik aritzeko aukera izan dute Dubasinek eta Raul Morok. Bi haiekin batera, Jorge Herrando izan da hasierako hamaikako beste berritasuna —zigortutako Catenaren ordez jokatu du defentsaren erdigunean—.
Haatik, jokalari erasokor eta sortzaileak zelairatzeak ez du zertan joko distiratsua bermatu. Valentziak irabazteko premia handia zuen, artean garaipenik lortu gabe baitzegoen bere zaleen aurrean. Hortzak estututa hasi du partida, eta bi taldeak faltaz falta ibili dira lehen jokaldietan. Presioa goian egin nahi zuen Osasunak, Valentzia ito nahian, baina era berean, aurkariak ez dio utzi baloia eroso erabiltzen. Bi taldeek elkar deuseztatu dute lehen zatiaren fase askotan, eta oro har, joko lakarra izan da nagusi.
Osasunak 22. minutuan bidali du lehen abisua, Diego Ricok eskuinez egindako jaurtiketa batekin. Areaz kanpotik saiatu da hegalekoa, jarraian Moi Gomez bezalaxe. Erdilariaren jaurtiketa Arnauk desbideratu du, eta goiko zutoinetik gertu irten da baloia. Valentziak txanda hartu die gero gorritxoei, eta Pepeluk bi jaurtiketa egin ditu elkarren segidan. Ezker hegalean lana pilatu zaie nafarrei, eta izerditu egin dute Sadiqek espaziora egindako korrikaldiekin. 37. minutuan, Sergio Herrerak ezerezean utzi du aurrelari nigeriarrak eginiko jaurtiketa gurutzatua. Apur bat lehenago, Aimarrek atezainaren eskuetara errematatu du, buruz, gorritxoek lehen zatian egin duten jokaldi landu bakarretako batean.
Ordezkoak, erabakigarri
Etxekoak aurrerako urratsa egiten saiatu dira aldageletatik itzuli berritan, eta Sergio Herrerak lanik izan ez duen arren, arriskua behin baino gehiagotan sentitu du Osasunak. Arrasatek goiz begiratu du aulkira: Dubasin kendu, eta Ruben Garcia zelairatu du. Azken horrek bost minutu besterik ez ditu behar izan baloia sareratzeko, gorritxoek ezker hegalean ehundu duten jokaldi ederra biribilduta. Aimarrek pase zehatza eman dio Morori, eta horrek atzera egindako erdiraketa bikain errematatu du Ruben Garciak, lehen ukituan. Jarraian, gertu izan du bigarren gola Morok: area barruan jaurti, eta atezaina luzatzera behartu du.
Nafarrek sari mamitsua zuten esku artean, eta erresistentzia errazteko, Lucas Torro zelairatu du Arrasatek, Aimarren ordez. Bada, handik gutxira, markagailua orekatu du Valentziak, gorritxoek gaizki defendatu duten jokaldi batean. Otorbik erraz erdiratu du, eta Hugo Durok gisa berean errematatu. Herrerak ezin izan du ezer egin aurrelariaren burukada indartsua gelditzeko. Etxetik kanpoko azken partidetan bezala, golak burumakur utzi du Osasuna, baina lagungarri suertatu zaio azken txanpan Arrasatek egin duen aldaketa hirukoitza: Raul Garcia de Haro, Iker Muñoz eta Osanbela zelairatu ditu. Korner bat baliatuz, baloia sareetara bidali du Osanbelak, baina kontrola besoaren laguntzaz egin duela ebatzi du epaileak, jokaldia errepikatuta ikusi ondoren.
Lehia amaitzear zela, kolpeak trukatu dituzte bi taldeek, baina zutik iraun dute biek. Iruñera hiru punturekin itzultzeko aukera galdu du Osasunak, baina era berean, pixkanaka hobera doala berretsi.