Osasunak nagusitasunez egin du aurrera Kopan

Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak 0-6 hartu du mendean Calatayud. Hasi eta buka nagusi izan da. Raul Garcia de Harok hiru gol sartu ditu.

Dubasin eta Raul Garcia de Haro goletako bat ospatzen. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Dubasin eta Raul Garcia de Haro goletako bat ospatzen. JAVIER CEBOLLADA / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 29a
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jagoba Arrasatek Osasuna zuzendu zuen lehen aldian taldeak oso serio hartu zuen Espainiako Kopa. Final batera ere iritsi zen, Real Madrilen aurka. Bigarren aldi honetan ere hala ekin dio txapelketari. Gaur, lehen kanporaketan, 0-6 hartu du mendean Calatayud. Gorritxoek nagusitasun handiz jokatu dute hasi eta buka, eta Calatayud ezinean aritu da partidaren erritmoari eusteko. Atsedenaldirako, 0-3 ziren aurretik nafarrak. Raul Garcia de Harok hiru gol sartu ditu, eta etxera eraman du baloia. 

Arrasatek partida aurreko prentsaurrekoan esana zuen asmoa zuela hasierako hamaikakoan bigarren taldeko dortsala duten hainbat jokalari zelairatzeko. Koparen araudiak dio gehienez halako lau jokalari izan daitezkeela aldi berean zelaian. Kopuru hori bete egin du teknikariak. Izan ere, Argibide, Osanbela, Santos eta Rockson aritu dira hasieratik. Atean, berriz, Sergio Herrera aritu da, Aitor Fernandezek Arrasatek ligan zuzendutako lehen bi partidetan jokatu eta gero. 

Bost kategoriaren aldea dago bi taldeen artean, eta hasieratik antzeman da. Gorritxoak nagusi izan dira hasieratik, eta Calatayud atzean sartu dute. Halakoetan, funtsezkoa izaten da nagusitasun hori aurkariaren atea zulatuta berrestea, gero zaildu egin baitaiteke neurketa. Askotan, lehen gola sartzea kostatzen da gehien, baina gaur ez zen hala izan. 4. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Osanbelaren gol bat, jokoz kanpo zegoelakoan. Ez zen hala, baina, Kopako lehen kanporaketetan ez dagoenez VAR sistemarik eta jokoz kanpokoa neurtzeko makinarik, epailearen erabakia izan da balekoa. Ondoren, Dubasinek izan du abagune bat, baina, azkenerako, Raul Garcia de Harok sartu du lehenengoa. 12. minutuan izan da. Raul Morok erdiraketa on bat egin du ezkerretik, eta aurrelariak buruz zulatu du Calatayuden atea. 

Horrek patxada eman dio Arrasatek zuzentzen duen taldeari. Are gehiago kontrolatu du partida, eta batez ere hegaletatik egin du min. Barjak eta Raul Morok buruz buruko jokaldi eta erdiraketa asko egin dituzte. Hain zuzen ere, jokaldi horietako batean, Barjak berak bigarrena sartu du. Arean sartu da, Pascual utzi du atzean, eta erremate gogor batekin gola sartu du (28. min). 

Kanporaketa maldan gora zuela ikusita, Calatayudek aurrerapauso bat eman du. Baina ezin izan dio eutsi Osasunak norgehiagokari jarritako erritmoari. Gorritxoek biziago jokatu dute, aldiro arriskua sortu dute, eta azkenerako hirugarrena sartu dute, berriro ere Raul Garcia de Harok, buruz (39. min.). Oraingoan, Barja izan da bigarren zutoinera erdiraketa egin duena. Alde hori handiagoa izateko aukera izan du Osasunak, baina etxekoen atezainak, Ernestok, bizpahiru gelditu on egin ditu.

Bigarren zatian, gauzak ez dira askorik aldatu, eta 52. minutuan errenta areagotu du Nafarroako taldeak. Dubasin lurrera joan da arean, eta epaileak penaltia adierazi du. Ez zirudien hala zenik. Dubasinek berak jaurti du, eta Osasunaren elastikoarekin egindako estreinako gola sartu du. Handik gutxira, 59. minutuan, Raul Garcia de Harok hirugarrenez urratu du Calatayuden atea. Morok egin du erdiraketa, eta area txikian baloia sarera bultzatu baino ez du egin behar izan aurrelariak. 

Bonelen debuta eta gola

Hortik aurrera, Osasunak erritmoa apaldu du. Arrasatek aldaketak egin ditu, jokalarien artean minutuak banatzeko.  Besteak beste, aukera eman dio Asier Bonel harrobiko aurrelariari lehen taldearekin debuta egiteko. Gogotsu atera da eta aurrena pare bat aukera izan zituen gola sartzeko, baina ez du asmatu. Hirugarrenean, ordea, arantza atera ahal izan du; nola, gainera. Area barruan baloia jaso, Calatayudeko atzelari bat atzean utzi, eta bikain loratu dio baloia Ernesto atezainari (82. min.). Ametsetako estreinakoa izan du. Hala, talde gorritxoaren gol festa biribildu du. Peña Sportek ere gaur jokatu du. Tafallako taldeak  1-5 galdu du Huescaren kontra, eta agur esan zion txapelketari.

Calatayud-Osasuna

Calatayud: Esteban; Vinuesa (Lahoz, 46. min.), Mingotes, Pascu (Aliaga, 46. min.), Ventura; Pablo SebastiĂ¡n (Jorge Cortes, 71. min.), Lorente (Jorge Benitez, 46. min.), Rute, Refusta; Paco Blasco (Manu Caro, 71. min.) eta Panocha.

Osasuna: Sergio Herrera; Argibide, Rockson, Unai Santos (Bretones, 72. min.), Diego Rico; Osambela (Mauro, 61. min.), Iker Muñoz (Lucas Torro, 61. min.); Kike Barja, Dubasin (Asier Bonel, 72. min.), Raul Moro (Ruben Garcia, 72. min.) eta Raul García.

Golak: 0-1: Raul Garcia de Harok (12. min.). 0-2: Kike Barjak (28. min.). 0-3: Raul Garcia de Harok (39. min.). 0-4: Dubasinek (52. min, penaltiz). 0-5: Raul Garcia de Harok (59. min.). 0-6: Asier Bonel (82. min.)

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA