Nahi eta ezin. Partida irabazteko gogoz zelairatu da Osasuna Sanchez Pizjuanen, baina esku hutsik itzuliko da Iruñera, 2-0 galdu baitu Sevillaren aurka. Gorritxoek neurketa kaskarra jokatu dute, eta lehiari neurria hartu ezinda aritu dira.  Etxeko taldeak lehen zatian hartu du aurrea markagailuan, eta bigarrenean erabaki du partida. Jagoba Arrasateren itzulerak ilusioa piztu du, baina argi geratu da taldeak baduela zer hobetua.
Ondo hasi du partida Osasunak, bizi. Eroso samar sumatzen ziren nafarrak, baina ez dute lortu zelaian nagusitzea. Sevillak ere erne ekin dio partidari. Bi taldeak saiatu dira jokaldiak josten eta jokoaren ekimena izaten. Bada, biek aukera garbi bana izan dute partida hasi eta gutxira. Aurrenekoa Osasunak izan du, laugarren minutuan, baina Boyomok, dena alde zuela, gaizki jo du buruz baloia. Eta, segidan, seigarren minutuan, Sevilla egon da gola sartzear. Correiak bakar-bakarrik egin du errematea, baina hura ere ez da fin ibili.
Bi taldeek sortu dute arriskua, baina Sevilla izan da asmatu duena. Jokaldi eder bat bikain biribildu du Isaac Romerok, 24. minutuan, eta area kanpotik egin duen jaurtiketa zuzenean sarera joan da. Golak min egin dio Osasunari, eta hauspoa izan da Sevillarentzat. Hortik aurrera, minutu luzez, etxekoek agindu dute, eta galduta egon dira gorritxoak. Aitor Fernandez atezainarengatik ez balitz, aldea handiagoa izango litzateke.Â
Bigarren zatian, zaharrak berri
Ia faltarik ez da egon lehen zatian, baina ugari izan dira bigarrenaren hasieran, eta gaiztotu egin da giroa. Osasunak hobeto ekin dio lehiari, baina beste urrats bat egin beharra zeukan gola sartzeko. Eta, hori lortu nahian, aldaketa bikoitza egin du Arrasatek 63. minutuan: Moro eta Raul Garcia sartu ditu Ruben Garciaren eta Dubasinen ordez. Ez dio askorako balio izan. Hurrengo aukera argiena ere Sevillak izan du. Juan Iglesiasen jaurtiketak zutoina jo du, 69. minutuan.
Ezinean ari ziren gorritxoak, eta, zerbait aldatu nahian, azken hamar minutuetarako aldaketa hirukoitza egin du Arrasatek. Iker Muñoz, Kike Barja eta Argibide zelairatu ditu Torroren, Moi Gomezen eta Rosierren ordez. Baina, berriro ere, Sevilla izan da aztiena. Osasuna erasoan ari zela, baloia galdu du, eta kontraerasoan ez du huts egin etxeko taldeak. Correiak sartu du gola, 82. minutuan. Bigunegi aritu dira gorritxoak.
Bukaerara arte lanean segitu dute Jagoba Arrasatek zuzendutakoek, baina ezin izan dute ezer egin. Kike Barja markagailua apaintzear egon da amaieran, baina hori ere ez. Orain arte etxetik kanpo jokatutako bost partidetatik bakarra irabazi du Osasunak, eta galdu egin ditu beste laurak. Gainera, aurkariek erraz sartu dizkiote golak.Â
Sevilla-Osasuna
Sevilla. Vlachodimos; Juan Iglesias, Castrin, Kike Salas, Suazo; Agoume, Fofana, Ejuke (Vargas, 71. min.), Felix Correia (Carmona, 86. min.); Isaac Romero (Bueno, 71. min.) eta Stassin (Ure, 63. min.).
Osasuna. Aitor Fernandez; Rosier (Argibide, 79. min.), Catena, Boyomo, Bretones; Torro (Iker Muñoz, 79. min.), Moncayola, Moi Gomez (Kike Barja, 79. min.); Ruben Garcia (Moro, 63. min.), Dubasin (Raul Garcia, 63. min.) eta Budimir.
Golak. 1-0: Isaac Romerok (24. min.); 2-0: Correiak (82. min.).