OSASUNA 2-1 REAL MADRIL

Osasunak Real Madrili irabazi dio Sadarren, eta suziri baten moduan doa goraka

Osasunak garaipen handia lortu du azken minutuetan, Raul Garcia de Haroren maisulan bati esker. Zati bakoitzean talde batek agindu du. Budimirrek egin du 1-0ekoa, eta Viniciusek banakoa. Gorritxoek Europako postuetatik oso gertu jarraitzen dute.

Raul Garcia de Haro. IÑIGO URIZ / FOKU
Raul Garcia de Haro, garaipenaren gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU
jon eskudero
2026ko otsailaren 21a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olatuaren gainean jarraitzen du Osasunak. Azken bost partidetan hiru garaipen eta bi berdinketa lortu ondoren, erronkarik handiena gaurkoa zuen, Sadarren: Real Madril ahaltsuaren aurkakoa. Bada, urrezko hiru puntu eskuratu dituzte gorritxoek. Erarik gustagarrienean, gainera. Raul Garcia de Harok azken minutuetan egindako gol ikusgarri batek eman baitie garaipena. Lehen zatian gehiago izan da Alessio Lisciren taldea, eta Ante Budimirrek penalti puntutik egindako golari esker 1-0 aurretik iritsi da atsedenaldira. Bigarren zatian gehiago sufritu du etxeko taldeak, eta Viniciusek egin du banakoa. Bada, neurketa berdinketarekin amaituko zela zirudienean, Raul Garcia de Haro azaldu da. Goi mailako jokaldia osatu du area barruan, eta baloia sareetara bidalita, zoramena piztu du harmailetan. Garaipenari esker, behetik gora suziri baten moduan doa Osasuna, eta sailkapenean 33 puntu dituela, gertuan ditu Europako postuak.

Zailtasun dezente izan du Osasunak partidaren lehen minutuetan arnasa lasai hartzeko. Baloia oinetan Real Madrilek izan du erabat, eta gorritxoak alde batetik bestera lasterka ibili beste erremediorik ez dute izan. Lan fisikoa egin dute, baina, gutxienez, ongi kokatuta eta ordenatuta mantendu dira defentsako lanean. Bi lerro sendo eraiki dituzte, eta espainiarrek ez dute inolako espaziorik topatu min egiteko. Hori bai, erasoan mehatxu gehixeago egitea falta izan du Osasunak.

Lehen hogei minutuak igaro ondoren partidari neurria hartu dio Alessio Lisciren taldeak. Aurrerapausoa eman du, eta Real Madril baino askoz gehiago izan da. Zelai erdian nagusitu da batez ere etxeko taldea, eta hegaletatik sortu ditu arrisku jokaldiak. 24. minutuan oso gertu izan du lehen gola Budimirrek. Ruben Garciaren erdiraketa bat errematatu eta gero, bazirudien baloia sareetara zihoala, baina Courtoisek goi mailako geldiketa egin dio. Bost minutu beranduago, berriz, Budimirrek berak zutoinera egin du errematea, buruz, penalti puntutik. Beste aldean ere pare bat aukera izan ditu Real Madrilek, baina gorritxoek joko hobea azaldu dute zelaian.

Aldaketek, fruiturik ez

Tentsio betean eta erritmo itogarrian lehiatu dira bi taldeak, eta 35. minutuan jaso du saria Osasunak. Atzeko aldean elkarrekin komunikatzeko arazoak izan dituzte Asenciok eta Courtoisek, eta Budimirrek primeran baliatu du gaizki ulertu hori. Garaiz sartu du oina Real Madrileko bi jokalarien artean, eta epaileak penaltia adierazi du jokaldia errepikatuta ikusi ondotik. Budimirrek ez du barkatu penalti puntutik, eta denboraldiko hamabigarren gola egin du. Golari esker laineza hartu dute gorritxoek, eta sekulako jokoa azaldu dute atsedenaldira bitarte.

Bigarren zatiko lehen minutuetan eroso sentitu da Osasuna, baina, nekearen erruz, behera egin dute jokalari gehienek 60. minututik aurrera. Hori ikusita aldaketak egin ditu Liscik, baina ez du asmatu. Joko erasokorrari uko egin dio, emaitzari bere horretan eustea lehenetsi du, eta Real Madrilen nagusitasuna nabarmena izan da. Atzean sendo egon dira gorritxoak, baina Valverdek hautsi du defentsako sistema hori, atzetik hasi eta sukalderaino sartuta. Haren erdiraketa baliatuta, Viniciusek banakoa egin du 73. minutuan. Golak mesede egin die espainiarrei, eta bigarrena egiteko aukera on batzuk izan dituzte.

Barkatu egin dute, eta partida banakoarekin amaituko zela zirudienean, Raul Garcia de Haro azaldu da. Sakonean jaso du Victor Muñozen pasea, eta area barruan bi aurkari maisuki atzean utzi ondoren, ezin hobeki gainditu du Courtois. Hasieran, jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, baina errepikapenak garbi erakutsi du balekoa izan dela gola. Osasuna gorantz doa suziri baten moduan.

OSASUNA-REAL MADRIL
Osasuna. Sergio Herrera; Rosier (Argibide, 82. min.), Catena, Herrando, Javi Galan; Torro, Moncayola (Raul Moro, 82. min.); Victor Muñoz, Aimar (Iker Muñoz, 71. min.), Ruben Garcia (Abel Bretones, 67. min.); eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 67. min.).
Real Madril. Courtois; Carvajal (Alexander-Arnold, 64. min.), Asencio, Alaba, Carreras; Tchouameni, Valverde (Gonzalo, 75. min.), Camavinga (Brahim, 64. min.), Gueler (Ceballos, 82. min.); Vinicius eta Mbappe.
Golak. 1-0: Budimirrek, penaltiz (38. min.). 1-1: Viniciusek (73. min.). 2-1: Raul Garcia de Harok (90. min.).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.