Osasunak ondo ekin dio denboraldiari. Jokoan izan dituen bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu ditu, eta pixkanaka ari da puntuen zakua betetzen. Denboraldi hasieran horixe izaten da helburua, are gehiago proiektu bat abiatzen ari denean. Hala ari da Osasunarena, Luis Miguel Ramis aulkian duela. Horrek patxada emango dio taldea egokitzen segitzeko. Nafarrek ez dute distira handiko partida jokatu gaur, baina 1-0 hartu dute mendean Getafe Sadarren. Penaltiz sartu du gola Budimirrek atsedenaldia gertu zegoela. Bigarren zatian partidaren kontrola izatea kostatu zaie nafarrei, eta baloia ez zutenean ere dira fin aritu, baina azkenerako ondo eutsi diote. Hala, sasoiko lehen garaipena lortu dute Sadarren.
Partida hasi aurretik omenaldia egin diote Ruben Garciari, Osasunaren elastikoarekin 300. partida jokatu dituelako. Espero bezala Getafe atzean sartu da hasieratik. Lehen minutuetan talde gorritxoaren jokalariak ondo mugitu dira lerroen artean, eta jokoaren ekimena izan dute. Dena den, arriskurik ez dute sortu ez batak ez besteak, eta zelaian ondo kokatuta egoteari eman diote lehentasuna, atzean sendo egoteari.
Minutuak aurrera joan ahala Getafe nagusitzen hasi da, bigarren jokaldietan eta buruz burukoetan indartsuago izan baita. Hala, erosoago sentituz joan da, eta zuzen jokatu du hegaletara baloia mugituz, eta erdiraketen bidez Satriano eta Unal aurrelariak bilatuz. Osasunari, berriz, kosta egin zaio gora egitea, lerroen artean gero eta distantzia gehiago izan duelako, eta baloia zuenean berehala galtzen zuelako.
Bisitariek, dena den, ez dute abagune argirik izan gola sartzeko. Baina gehiagotan hurbildu dira Sergio Herreraren atera. 39. minutuan Osasunak lehen aldaketa egin behar izan du. Herrandok min hartu du, eta haren ordez Boyomo zelairatu da. Neurketaren bilakaera ikusita, argi zegoen geldikako jokaldiak erabakigarriak izango zirela. 43. minutuan Osasunak korner bat izan du alde. Errematea egitera zihoala, Djenek elastikotik heldu dio Budimirri. Hasieran, Jon Ander Gonzalez epaileak ez du ezer adierazi, baina, jokaldia geratu denean, VAR sistemakoek abisatu diote ikustera joateko. Azkenerako penaltia adierazi du, eta kroaziarrak ez du hutsik egin 11 metroetatik. Bikain engainatu du Soria.
Kontrola eduki ezinik
Atsedenalditik bueltan, erasoan abiadura eta buruz buruko jokaldi gehiago izate aldera, Ramisek Dubasin atera du Ruben Garciaren ordez. 51. minutuan Osasunak akats bat egin du atzean. Ez du ondo zaindu Andres Garciak area barruan egindako haustura mugimendua. Hark erdiratu, eta golaren marraren arrastoan baloia sarean sartu du Unalek. Baina epaileak baliorik gabe utzi du, Getafeko jokalaria gutxigatik bada ere jokoz kanpo zegoelako.
Gora egin du hurrengo minutuetan Getafek. Baina, ondoren, indarrak parekatu egin dira berriz ere. Erasoan Osasuna eskuinetik saiatu da batez ere aukerak sortzen, Iñigo Argibideren bitartez. Denboraldi hasiera ona egiten ari da harrobiko jokalaria, nahiz eta haren akats baten ostean aukera argia izan duen Bordalasen taldeak berdinketa lortzeko. Femeniak erdiraketa egin du, eta Satrianok erremate ona. Baina Herrerak geldiketa ikusgarria egin du bularrarekin (70. min.).
Segidan, Aimar Orozek utzi behar izan du zelaia, Herrandok bezala, min hartuta. Torro irten da haren ordez. 1-0ekoarekin neurketa irekita zegoen. Talde gorritxoari kostatu egin zaio gol aukerak sortzea, eta partida kontrolpean izatea. Baina 77. minutuan gertu izan du bigarren gola. Soria atezainak akatsa egin du, eta Dubasini iritsi zaio baloia. Hark loratu egin du, baina ez du lortu sarean sartzea. Segidan Barjak aparteko abagunea izan du partida erabakita uzteko. Azken errematea kanpora joan zaio, ordea. Azken minutuetan estu ibili da Nafarroako taldea, bigun ibili baita baloiak aldentzen. Baina hiru puntuak Iruñean geratu dira.
Osasuna-Getafe
Osasuna: Sergio Herrera; Argibide, Catena, Herrando ( Boyomo, 38. min), Abel Bretones; Moncayola, Iker Muñoz (Torro, 71. min), Aimar Oroz (Raul Garcia de Haro. 71. min), Moi Gomez (Kike Barja, 77. min); Ruben García (Dubasin, 45. min) eta Budimir.
Getafe: Soria; Femenia, Djene, Zaid Romero, Mojica; A. García (Risco, 65. min), Mangala, Francho (Gudelj, 75. min), Terrats; Satriano (Mayoral, 87. min), eta Enes Unal.
Gola: 1-0. Budimirrek (45. min, penaltiz).