Athleticek Txapeldunen Liga jokatuko du hurrengo denboraldian. Talde bizkaitarrak abuztuaren 15ean hasi zuen liga, Getafe talde madrildarraren aurka, eta atzo amaitu zuen, San Mamesen, Bartzelonaren aurka. Nahiz eta zuri-gorriek norgehiagoka 0-3 galdu zuten, horrek ez zuen zapuztu estadioko festa giroa. Izan ere, emaitzaz haratago, Oscar de Marcos jokalaria omendu zuten. Arabarra gogoangarria izango da Athleticen: talde zuri-gorrian partida gehien jokatu dituen bigarren futbolaria da —guztira 573—; soilik Jose Angel Iribar du aurretik.
Zuri-gorriei atsedenaldirako garaia iritsi zaie, eta uztailaren 7an ekingo diote berriz entrenamenduei. Indarberrituta itzuli beharko dute hurrengo denboraldirako, datozen erronkei aurre egin eta Txapeldunen Ligako prestakuntza lanetan murgiltzeko.
De Marcosek Alavesen hasi zuen ibilbide profesionala, 2008-2009ko denboraldian. Uda hartan bertan, ordea, Athleticek fitxatu zuen. Segituan, oso jokalari garrantzitsua bilakatu zen, batez ere, eskuin hegaleko futbolari gisa. Hamasei denboraldi egin ditu klub zuri-gorrian.