Barrokalek txapela lortuta ospatu du urtebetetzea

22-5 hartu du mendean Oskoz, Adosek antolatutako lau eta erdiko txapelketako finalean. Txapeldunak bizi mugitu du pilota, eta ez dio aukerarik eman aurkariari. Sakean ere fin aritu da. Naroa Etxekoloneari eskaini dio garaipena.

Maddi Barrokal txapelarekin eta garaikurrarekin. ADOS PILOTA
Maddi Barrokal txapelarekin eta garaikurrarekin. ADOS PILOTA
jon eskudero
2025eko abenduaren 20a
22:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebetetze egunean, bere buruari opari bikaina egin dio Maddi Barrokalek: txapel preziatua. Hilabete luzeko lehiaren ondoren, Ados Pilota klubak antolatutako lau eta erdiko txapelketako finala jokatu dute Barrokalek eta Leire Oskozek, eta nagusitasun osoz irabazi du gipuzkoarrak, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (Gipuzkoa). Hasi eta buka, askoz gehiago izan da txapelduna, eta merezita bururatu du txapela: 22-5. Saketik hasita, dena egin du ongi. Bizi eta luze ibili du pilota, ez dio aurrean jokaldiak egiteko aukerarik eman aurkariari, eta txapelketa ederki biribildu du. Aurrez jokaturiko bost partidak irabaziak du Barrokalek, eta finalean ere erakustaldi galanta egin du. Oskoz, berriz, nahi eta ezin aritu da. 

Lehen tantotik agindu du Barrokalek. Azpitik eta hanketara joz aritu da, eta oso indartsu, gainera. Urduritasun denak gaindituta, bikain jokatu du garaileak. Kantxaren erdigunea berea izan da erabat, eta ezker-eskuin dotore mugitu du pilota. Berehala ireki du tartea: 7-0. Oskoz ahalegindu da erasora pasatzen ahal zuenean, baina ia beti hankak hirugarren koadrotik atzera zituen. Behartuta jokatu du etengabe. 7-1ekoa eginda, arnasa pixka bat hartu du. Saskitik pilota motelagoa atera, eta 7-2koa ere lortu du jarraian, baina ez du gaitasunik izan bolada gehiago luzatzeko.

Besteak beste, sekulako joa eta distira azaldu du Barrokalek. Lan erdietan, 11-2 zen aurretik. Atsedenaldiak eta bestelako estrategiak baliatuta, Oskoz saiatu da aurkariaren olatua eteten, baina alferrik. Emaitzan ez ezik, jokoan ere alde handia egon da bi pilotarien artean. Haizea alde zuela jokatu du txapeldunak, eta haren meritua izan da guztiz. Botera ezin hobeki bideratu fu pilota alde guztietara. Pilotalekuan bildutako jarraitzaileak saiatu dira Oskoz animatzen, baina ataka zaila egokitu zaio nafarrari. Partida 18-3 zegoela, negar malkotan sumatu da atseden gunean. Txapelketa bikaina egin ondoren, finalean bere maila ez erakusteagatik zegoen minduta. Etsita jokatu ditu azken tantoak, eta Barrokalek uste baino erosoago irabazi du azkenean: 22 eta 5. 

Emozioek gaina hartuta hitz egin du txapeldunak partida amaieran: «Hunkituta nago. Indartsu hasi dut finala, konfiantza handiz eta erabat zentratuta, eta kolpez bizi sumatu dut neure burua. Saskitik pilota bizia atera dut, bai bainekien min egingo niola Oskozi. Zalantzak piztu dizkiot, eta jokaldiak egiteko zailtasunak izan ditu». Lanaren fruituak jaso dituela nabarmendu du bergararrak. «Lan handia egin dut txapelketa ongi prestatzeko. Tanto bakoitzean Naroa Etxekolonea izan dut gogoan, eta hari eskaintzen diot txapela. Baita familiari, prestatzaileei eta Ados Pilotako kide guztiei ere». 

Aldai eta Gaminde, bihar

Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala jokatuko dute bihar Amaia Aldaik eta Enara Gamindek, Gernikako Santanape (Bizkaia) pilotalekuan (12:00, ETB1). Aldaik hiru aldiz irabazia du txapel hori, baina Gaminde izango da faboritoa, azken boladan gorakada izugarria izan baitu. 

Pilotaleku horretan jokatuko dute gizonezkoen Binakako Txapelketako partida ere, arratsaldean: Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka ariko dira (17:00, ETB1). Lekeition jokatzekoak ziren, baina, denboraleak eragindako arazo batzuengatik, azken orduan aldaketa egin dute enpresek. Atzo, berriz, Iñaki Artolak eta Ander Imazek 22 eta 16 irabazi zieten Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.