Bihar hasiko dira sanferminak. Baina, gaurtik hasita, jaiei lotuta egitarau betea izango da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ados Pilota klubak antolatzen duen lau eta erdiko finala izango da jokatuko den aurrena. Gaur eguerdian izango da (Hamaika TB), eta nor baino nor gehiago arituko dira Leire Oskoz eta Ane Mendiburu. Iaz ere bi pilotari horiek jokatu zuten finala.Â
Orduko hartan 22-18 gailendu zen Oskoz. Aurtengo ligaxkan ere elkarren aurka jokatu dute, eta Oskozek irabazi zuen orduan ere: 22-13. Finalaren aurretik Binakako Txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko dute Iturriagak eta Ruiz de Larramendik Gomezen eta Arrastiaren kontra. Sarrerekin bildutako dirua Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkartearentzat izango da.
Bestalde, atzo gauean geratu zen erabakita Pilota Pro ligak antolatzen duen lau eta erdikoaren finala. Astearte eguerdian jokatuko dute, Nafarroa Arenan, eta Altuna III.ak eta Lasok neurtuko dituzte indarrak. Finalerdietan, Altuna III.ak  22-17 hartu zuen mendean Zabala, eta Lasok 22-6 Peña II.a.