Ados Pilota Klubak antolatzen duen Binakako Txapelketak badu bikote irabazlea: Leire Oskoz eta Amaia Arrastia. Atzo jokatu zen finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa), eta txapeldunak 22-13 gailendu ziren Iera Agirre Iturriagaren eta Oihana Orbegozoren kontra. Adosek antolatzen duen txapelketarik luzeena da binakakoa, eta final ona jokatuta biribildu zuten hiru hilabeteko bidea.Â
Partida gogorra, lehiatua eta parekatua izan zen lehen zatian. Ez bikote batek ez besteak ez zuen alde erabakigarririk lortu. Txandaka, tanto bateko edo biko aldea izan zuen bikote bakoitzak. Bazirudien Iturriaga eta Orbegozo hobeto ari zirela, eta 6-9koarekin ordu arteko alderik handiena izan zuten. Baina Oskozek eta Arrastiak ondo eutsi zioten. Atzetik joan arren, pazientziaz jarraitu zuten lanean, eta partida gogortuz joan ziren. Atzetik aurrera egin zuten.
12-12koan norgehiagoka aldatzen hasi zen; azkenean, Oskozek eta Arrastiak 10-1eko partziala egin zuten, eta txapela jantzi. Iturriaga eta Orbegozo nekea antzematen hasi ziren. Finalaren bigarren zati horretan Oskoz sakearekin asmatzen hasi zen, eta estu hartu zuen Orbegozo; aurrean ere jokoa nahastu zuen. Atzean, Arrastiak ondo lagundu zion. Izan ere, ondo jaso zituen Iturriagak eta Orbegozok atzera botatako pilotak. Hala, txapeldunek bost tantoren aldea lortu zuten: 17-12. Hurrengo tantoa Iturriagak egin zuen, baztertutako pilota batekin. Â
Baina hori izan zen egin zuten azken tantoa. Aitzitik, Oskozek eta Arrastiak bikain baliatu zuten aldea, eta egindako lan ona biribildu ahal izan zuten. Ederrak izan ziren egin zituzten azken bi tantoak. Azken-aurrekoa Arrastiak lortu zuen, zabalean utzitako pilota bati esker. Azkena, berriz, finaleko jokalaririk onenak lortu zuen, Oskozek. Bi aurkariak aurrera erakarri zituen hainbat pilotakadatan, eta pilota atzera botata erabaki zuen finala. Txapelketa osoko jokalaririk onena Iturriaga izendatu zuten. Atzo jakinarazi zuten, halaber, hurrengo Binakako Txapelketako finalak Donostian jokatuko direla.Â
Promozio Mailako finala ere atzo jokatu zen. Intza Arrutik eta Dunixe Alberrok 22-12 irabazi zieten Alize Sagarduiri eta Ainize Etxeberriari.Â
Â