Oso estu daude kontuak KAE 2 ligako sailkapeneko lehen postuetan

Busturialdea, Ondarroa eta Getariaren artean sei puntu baino ez daude, eta lau estropada falta dira

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
KAE 2 liga da traineruen lehiaketen artean apalena, baina bertan dago emozio handiena aurten. Lehia bizian dira lehen postuetan, eta halaxe dago sailkapena. Busturialdeak kolpea jo du asteburuan, Ondarroan eta Getarian irabazita. Ospa egin dio Ondarroari, eta lau puntuko aldea dago Bizkaiko bien artean. Hori nahikoa ez eta Getariaren gorakada ere hor dago. Asteburuko bi estropadetan, bigarren egin du, eta aurreko bietan bandera irabazita, lehian sartu da: bi puntura dauka Ondarroa, eta seira Busturialdea. Lau estropada baino ez dira gelditzen liga amaitzeko, eta lehen sailkatuak sari potoloa edukiko du, KAE 1 ligara igoko baita. Bigarrenak eta hirugarrenak kanporaketa jokatu beharko dute igotzeko.

Lau estropada horietan erabakiko da erabaki beharreko dena. Lehendabizikoa, abuztuaren 15ean daukate, Castron (Espainia); bigarrengoa, Colindresen (Espainia), abuztuaren 21ean; hirugarrengoa Erandion, abuztuaren 27an; eta laugarrengoa eta azkena, Mundakan, egun bat geroago.

Emakumezkoen emaitzak

Igandean emakumezkoen bi estropada ere jokatu dira. Espainiako Federazioaren sarian, Castron, Galizia nagusitu zitzaien Getaria-Tolosari eta San Juani, oso erraz nagusitu ere. Beste horrenbeste egin zuen Zumaiak Getarian: Orio eta Hondarribia aise menderatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.