«Garaipen berezia izan da, oraingo egoera bezalaxe». Josean Kerejeta presidentearen hitzek ongi laburbiltzen dute Baskonian egunotan bizi izaten ari dena, taldeak garaipenaren biharamun gazian jarraitzen baitu. Izurritearen eraginez moldatutako liga txapelketa berezia irabazi berri du, baina ospakizunak ere halakoxeak dira; areago, herenegun Gasteizko Alde Zaharrean ikusitakoa ikusita.
Ekitaldi hotz eta xume batekin konformatu behar izan du taldeak. Erakundeetako ordezkariek harrera egin diete jokalariei eta ordezkariei, gaur eguerdian, ateak itxita Buesa Arenan egindako ekitaldi batean. Han izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Kerejetak garaikur txiki bana eman die esker gisara. Ekitaldian, nabarmen sumatu da zaleen berotasunaren falta; Naia Najera Iglesiasek ordezkatu ditu guztiak, hark jaso baitu zaleei eskainitako garaikurra.
Kerejetak txantxetan hasi du hizketaldia, ekitaldiari umore eta kolore apur bat eman nahian. «Dusko entrenatzaile gogorra delako mitoa hautsi nahi dut. Hala balitz, ez nuke jokalariak eskailerak igotzen ikusiko 40 minutu lehian aritu ondoren». Achille Polonararen erreakzioari egin dio erreferentzia presidenteak, eta barrezka erantzun diote denek.
«Koronabirusaren ligaren txapeldun izango gara betiko, eta hala gogoratuko gaituzte», esan du Kerejetak. Ez da gutxiagorako. Presidenteak berak aitortu baitu «urte zaila» izan dela. «Denboraldiaren hasiera ez zen espero bezalakoa izan; mundu osoko osasun krisi batek jo gintuen gero, eta, kirol arloan, ez genuke inoiz pentsatuko horrelakorik egingo genuenik. Baina errealitatea ametsa bera baino ederragoa izan daiteke».
Izaera berreskuratzeaz harro
Dusko Ivanovicek gogoan izan ditu taldearen ardura hartu zueneko lehen egunak. «Etorri nintzenean, bi partida galdu genituen 30 punturen aldearekin. Baina minik handiena zerak ematen zidan, ez nuela ikusten klubean gogoratzen nuen espiritu hori». Izaera hori berreskuratu izanaz «harro» dagoela esan du entrenatzaileak. «Lehiatzen zarenean, baloia sar daiteke edo ez, partida irabaz dezakezu edo ez, baina beti geratu behar zaigu gurea den hori». Eskerrak eman dizkie taldea osatzen duten guztiei, egindako ahaleginagatik.
Ekitaldia amaitu eta berehala jakinarazi du Baskoniak, hain zuzen, datorren denboraldian ere entrenatzaile izango dela. ACB liga irabazi aurretik bi aldeen arteko adostasuna gertu zegoen, eta titulua lortu eta gero itxi dute akordioa, Ivanovicek hirugarren aroa du Baskonia zuzentzen. Iragan abenduaren 24an ailegatu zen, azkenengoz, Velimir Perasovicen lekua hartzera. Taldea ezinean zebilen bai Euroligan, baita ACB ligan ere. Hasieran, kosta egin zitzaion egoerara moldatzea, baina, koronabirusaren pandemiak eragindako etena baliatuz, Baskoniak ohikoak zituen adore eta izaera lehiakorra berreskuratu ditu, eta ligako txapeldun bihurtu du beste behin. Duela hamar urte ere Ivanovicen eskutik lortu zuen ACB liga irabaztea Baskoniak. Euroliga eta ACB liga artean 613 partidetan zuzendu du Baskonia, eta 412 garaipen lortu. 2001. urtean iritsi zen lehen aldiz Gasteizera, eta bost denboralditan ACB liga bat eta bi Espainiako Kopa irabazi zituen. Bigarren aroa 2008. urtean hasi zuen, eta, 2013an, Hor Liga eta Kopa bana irabazi zituen.
Toko Shengeliak hartu du hitza, azkenik, eta eskerrak eman dizkio entrenatzaileari Baskoniaren lehiakortasuna berreskuratzeagatik. «Inoiz ez diogu lehiatzeari utzi. Baina Duskori esker berreskuratu dugu espiritu lehiakorra. Posible zela sinetsarazi zigun berriz ere». Zaleei eskaini die garaipena kapitainak: «Merezi genuen garaipena: zaleek merezi zuten, Gasteizek merezi zuen».