Saskibaloia

Paolo Galbiati da Baskoniako entrenatzaile berria

Teknikari italiarrak ordezkatuko du Pablo Laso Arabako taldearen aulkian. Lasok beste bi urterako kontratua zuen, baina klubak eten egin dio hitzarmena, taldea gaizki aritu baita haren esanetara. Galbiatik bi sasoirako kontratua adostu du klubarekin.

Paolo Galbiati. ELVIRA URQUIJO / EFE
Paolo Galbiati, Trento taldeak jokatutako partida batean. ELVIRA URQUIJO / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko abuztuaren 8a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urtebete, Baskoniak modu arranditsuan jakinarazi zuen Pablo Laso gasteiztarra zela taldearen entrenatzaile berria. Seme kutuna etxera itzuli zen; seme kutuna, ia 30 urte igaro baitziren Baskoniaren elastikoa azkenekoz jantzi zuenetik. 370 alditan egin zuen hori 11 urtean. Jokalari zela utzi zuen taldea, eta goi mailako entrenatzaile izanda itzuli zen. 22 titulu irabazi zituen Real Madrilekin: bi Euroliga, sei ACB liga, sei Espainiako Kopa, zazpi Superkopa eta Kontinente Arteko Kopa bat. Hura fitxatuta, askoren ametsa bete zuen Baskoniak. Klubak eta Lasok denbora luzez egon nahi zuten elkarrekin, eta hiru urterako kontratua adostu zuten.

Bakarra beteko du, ordea. Baskoniak gaur jakinarazi du Lasok ez duela taldea entrenatuko datorren denboraldian. Aspaldi zebilen bolo-bolo zurrumurrua, eta gaur baieztatu du Arabako taldeak. Akabo Lasoren aroa. Emaitza txarrek kondenatu dute. Haren aginduetara, taldea eskas aritu da. Ez Euroligan, ez Espainiako Kopan ez zen sailkatu kanporaketak jokatzeko. Euroligan, gainera, oso atzean geratu zen: hemezortzi taldeetatik hamalaugarrena izan zen. ACB ligan, berriz, final-laurdenetarako sailkatu zen, baina lehen kanporaketan geratu zen lehiatik kanpo: 2-0 galdu zuen Real Madrilen aurka. Klubaren ustez, taldea askoz hobeto aritu zitekeen, baina Lasok ez du asmatu jokalariak kudeatzeko orduan. Horregatik kargugabetu du.

Baskoniak aspaldi zuen begiz joa nork ordezkatuko zuen Laso: Pablo Galbiati italiarrak. Klubak gaur jakinarazi du Galbiatik bi denboraldirako kontratua sinatu duela. 41 urte ditu, eta bi sasoi daramatza Aquila Trento Italiako maila nagusiko taldea entrenatzen. Azkenekoan aritu da ondoen: Italiako Kopa irabazi du, eta ligan, Trentok hamar garaipen lortu zituen jarraian. Horri guztiari esker, denboraldiko entrenatzaile onena izendatu zuten Galbiati. Beste urtebeterako kontratua zuen Trentorekin, baina teknikariak aspaldi iragarri zuen ez zuela beteko. Baskoniaren aulkia zuen zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.