Saskibaloia

Paolo Galbiati: «Talde interesgarria eta moldakorra daukagu»

Entrenatzaile italiarrak Pablo Laso ordezkatu du. Italiako Aquila Basket Trento taldetik iritsi da. 2027ra arte sinatu du kontratua.

Paolo Galbiati. L. RICO / EFE
Paolo Galbiati Baskoniako entrenatzailea, hitz egiten, Felix Fernandez kirol zuzendaria begira duela. L. RICO / EFE
2025eko irailaren 2a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baskoniak entrenatzaile berria aurkeztu du: Paolo Galbiati (Milan, Italia, 1984). 2027ra arte sinatu du kontratua, eta Pablo Laso ordezkatu du. Gasteizko entrenatzaileak 2027ra arteko kontratua sinatu zuen hasiera batean, baina, azkenerako, urtebete baino ez du egin Arabako taldea zuzentzen. 

Baskoniaren esanetan, Galbiatik denboraldi «bikaina» egin du Italiako A Serie ligako Aquila Basket Trento taldean. Gainera, Arabako taldeak azpimarratu du Galbiatik esperientzia «handia» duela nazioarte mailan taldeak zuzentzen, zenbait talde garrantzitsutako entrenatzaile taldeetako kide izan baita — esaterako,  Italiako selekziokoa—. Baskoniako zaleen inguruan ere mintzatu da, eta esan du beretzat «amets» bat dela horrelako talde bat entrenatzea, Baskoniak zaleen oinarri «garrantzitsu» bat baitu. Horrez gainera, taldea nabarmendu du esanez jokalari «bikainak» igaro direla bertatik. Galbiatik Baskoniaren inguratzen duen guztia goraipatu du: «Antolakuntza bikaina da, lantalde bikaina dut, eta lan handia egiten ari gara».

Felix Fernandez Baskoniako kirol zuzendariak Galbiatik entrenatzaile moduan duen maila azpimarratu du: «Oso pozik gaude bera hona etorri delako. Desio, pasio eta gose handia duen entrenatzailea da, eta bere ibilbidean nabarmen gora egiten ari da. Saskibaloiari buruz ere asko daki». Galbiatik aipatu duenez, oinak lurrean eduki behar dira, baina, aldi berean, anbizioz ere hitz egin du: «Umiltasun osoz hartzen dut erronka hau, baina, era berean, irrikaz nago». 

Taldearen balorazioa

Orain artean Baskoniak osatu duen taldeak zer ezaugarri dituen ere aipatu du Galbiatik: «Talde interesgarria eta moldakorra daukagu, postu ezberdinetan joka dezaketen hainbat jokalariz osatuta. Jokalariak atletak dira, eta buruz ere fresko dauden jokalariak nahi ditugu. Jokalariek anbizioa izan behar dute, eta Baskoniarentzat jokatzea zer den ongi ulertu». Zaleek taldean duten garrantziaz ere hitz egin du italiarrak: «Zaleekin konexioa edukitzea oso garrantzitsua da niretzat; Buesa Arenan hori sentitu nahi dut, eta gogotsu nago hasteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.