Euroligan jokatutako bost partidetatik lau galdu ditu Baskoniak. Azkena, atzo, Dubairen aurka. Eta, taldearen egoera ikusita, hauxe erabaki du klubak: Paolo Galbiati entrenatzailea kaleratzea. Gaur eman du erabakiaren berri, ohar bidez, eta segidan jakinarazi du nor izango den haren ordezkoa: Velimir Perasovic. 2028ra arte sinatu du.Â
Udan bazen zurrumurrua Galbiatik Baskonia zuzentzen segituko ote zuen, baina, azkenean, Buesa Arenako aulkian eserita abiatu zuen denboraldia. Joan den denboraldian heldu zen taldera Italiako entrenatzailea, eta Espainiako Kopa irabazi eta ACB ligako kanporaketak jokatzea lortu zuen taldeak. Zaleen kuttun ere bihurtu zen teknikaria. Baina kanporaketetan ezustean geratu zen kanpoan Baskonia, final-laurdenetan partida erabakigarria etxean galduta, gainera.
Ondorioz, ez zegoen argi haren etorkizuna. Zenbaitek ziurtzat jo zuten klubak Perasovic Baskoniako jokalari eta entrenatzaile ohia fitxatuko zuela. Ez zen hala izan; ez orduan, behintzat. Denboraldia hasi eta gutxira aldatu du iritziz.

Baskoniak jakinarazi duenez, bi urterako sinatu du kontratua kroaziarrak. Horiek horrela, Perasovicek laugarren aroa hasiko du Gasteizen. Hura da Baskonian partida gehien zuzendu dituzten entrenatzaileetan bigarrena: guztira, 253 partida jokatu ditu Arabako taldeak haren aginduetara. Eta tituluak ere lortu ditu: Espainiako Kopa bat eta Superkopa bat, hain zuzen. 2016an Euroligako Lauko Finala ere jokatu zuen.
Bihar iritsiko da Gasteizera Perasovic, eta ostiralean zuzenduko du lehen partida, Euroligakoa: Baskoniak Virtus Bolonia izango du aurkari (20:30).
Atzo, Dubairen aurka galdutakoan, hauxe esan zuen Galbiatik: «Ez zait galtzea gustatzen, eta frustratuta nago. Baina ondo lehiatu gara. Taldea ondo eta gogor ari da lanean. Jokalariak ondo daude, eta aurrera goaz». Biharamunean, hura kargutik kentzea erabaki du klubak.
Tentsioa sumatu da Galbiatiren azken prentsaurrekoetan. Denboraldia hastera zihoala, «pazientzia» eskatu zuen, eta adierazi taldea oraindik ez zegoela osatuta. «Pazientzia behar dugu; ez dakit klubak izango duen. Aurreko denboraldian izan zuen, eta sasoi ona egin genuen. Denbora behar dugu lan egiteko».
Howardek ez du segituko
Gasteizko taldeak eraberrituta ekin dio sasoiari: jokalari garrantzitsu asko joan zaizkio, eta kosta egin zaio multzoa osatzea. Taldea utzi dute Trent Forrestek, Eugene Omoruyik, Mamadi Diakitek, Jesse Edwardsek, Markquis Nowellek, Gitis Radzeviciusek, Rafael Villarrek, Timothe Luwawu-Cabarrotek eta Khalifa Diopek. Horietako batzuk taldea uztea oso mingarria izan da, gainera.
Bada, beste jokalari garrantzitsu bat faltako du aurrerantzean: Markus Howard. Baskoniak gaur jakinarazi du ez duela taldean segituko. Howardek lau denboraldi egin ditu Gasteizko taldean, eta funtsezko jokalaria izan da. Hain zuzen, kapitainetako bat izan da azken bi sasoietan. Horiek horrela, Perasovicek nahikoa lan izango du egoera onbideratzen.Â
Denboraldia gorabeheratsu hasi du taldeak. Galdu egin zuen Espainiako Superkopako finalerdietako lehia, Joventuten aurka. Euroligan, berriz, jokatutako bost partidetatik lau galdu ditu; Olimpia Milanoren aurka soilik irabazi du: 86-76. Baina ondo hasi du liga: hiru partida jokatu ditu, eta hirurak irabazi: 97-98 Burgosen aurka, 118-78 Gironaren kontra, eta 93-73 Joventuten aurka.