Bakarkako lanarekin hasi eta bukatuko da aurtengo Suitzako Tourra. Gaur hasiko da Frantziako Tourraren bezperan izaten den probarik gogorrena, Luganon, 7,3 kilometroko erlojupekoarekin, eta hilaren 19an amaituko da, Schaffhousen, 32,1 kilometroko bakarkako lanarekin. Tarteko zazpi etapetan zer dagoen? Aldapa asko. Bi etapa amaituko dira mendatean, biharkoa eta seigarrena, eta beste bi gogorrak dira oso, etzikoa eta zazpigarrena. Begira egoteko paradisuaren parekoak dira Suitzako parajeak. Baina, Tourra buruan dutela, paradisuari begira egon gabe, gorputzari azken estutua eman nahiko diote txirrindulariek.
Gaurko erlojupeko teknikoaren ondoren, bihar iritsiko da mendiko lehen etapa; Crans-Montanan amaituko delako bigarren etapa. Aurretik, etapa hastearekin batera igoko dute Nufensenpass gogorra. Mendatean amaitu gabe ere, gogorra da etzikoa, bi mendatetzar igo beharko dituztelako: Grimselpass lehen mailakoa lehendabizi, eta Grosse Scheidegg maila berezikoa gero. 107,6 kilometro besterik ez dauzka etapak, eta Scheidegg jaistearekin batera sartuko dira helmugan.
Itzuliaren hasiera gogor horren ondoren, bi etapa lasai samar iritsiko dira. Hori bai, Suitzako errepideek nekez edukitzen dute ordekarik, eta laugarren eta bosgarren etapa horiek ere nahikoa gorabeheratsuak dira. Nekez izango da esprint handirik. Seigarren etaparako zehazten hasita egongo da sailkapen nagusia, baina osteguneko eta ostiraleko mendiko bi etapa horiek jarriko dute bakoitza bere lekuan. Malbun maila bereziko mendatean amaituko da seigarren etapa. Oso igoera gogorra da, 14 kilometrokoa, eta batez bestekoa ia %9koa da.
Hurrengo eguneko etapa ez da askoz samurragoa. Fluelapass maila bereziko mendate luzea igo beharko dute lehenengo, Norbertshohe bigarren mailakoa gero, eta Serfaus lehen mailakoa helmugara iristeko 3,5 kilometro eskas faltako direnean. Oso gogorra da etapa, eta triskantza handi samarra eragingo du tropelean.
Eta zazpi eguneko berotua hartuta, azken erlojupeko luzearen aurretik, ondo bidean esprinta izango da zortzigarrenean. 167,3 kilometro dauzka etapak, eta tartean ez dago zailtasunik. Frank eta Andy Schleck anaiak (Leopard-Trek) eta Andreas Kloeden eta Levi Leipheimer (RadioShack) beteranoak ageri dira faboritoen zerrendan. Euskaltel-Euskadiri dagokionez, Jonathan Castroviejok ezustea eman nahiko du gaurko erlojupekoan. Itzuliko esprint bakarrerako, berriz, Koldo Fernandez de Larrea daramate euskaldunek.
Kernen balentria Dauphinen
Handia egin zuen atzo Christophe Kern frantziarrak (Europcar) Dauphineko bosgarren etapan, Villars les Dombes eta Les Gets artean. Mendiko lehen etapan, helmugara iristeko hiru kilometro eskas falta zirenean erasoa jo, eta 30 urterekin, profesionaletako lehen garaipena lortu zuen, ihesean. Chris Sorensen (Saxo Bank) helmugaratu zen bigarren, zazpi segundora. Bradley Wigginsek (Sky) jarraitzen du lider. Les Gets eta Le Collet d'Allevard artean, sei mendate dauzka gaurko etapak; gainean amaituko da itzuliko etaparik gogorrena.
Paradisuan, estutua
Gaurtik hilaren 19ra jokatuko da Suitzako Tourra, erlojupekoz eta mendate gogorrez jositako itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu