Paris Saint-Germain 5-0 Inter Milan

Paris Saint-Germainek lehen aldiz irabazi du Txapeldunen Liga

Frantziako taldeak erakustaldi galanta eman du, eta txikitu egin du Inter Milan. Doue gaztea izan da partidako onena, bi gol sartuta eta gola sartzeko pase bat emanda.

Paris Saint-Germaineko jokalariak, Txapeldunen Ligako koparekin. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Paris Saint-Germaineko jokalariak, Txapeldunen Ligako koparekin. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 31
23:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte luzeetan jomugan izandako helburua gaur erdietsi du Paris Saint-Germainek. Lehenengo aldiz irabazi du Txapeldunen Liga. Nola irabazi, gainera. Aurreikuspenen arabera, tituluaren jabe egiteko faborito ziren frantziarrak, baina aparteko nagusitasunarekin gainditu dute Inter Milan, Munichen (Alemania) jokaturiko finalean: 5-0. Hasi eta buka, askoz hobea izan da Luis Enriquek entrenatutako taldea, eta merezita jaso du garaikurra. Nahierara jokatu du, eta, lehen zatian lehia bideratu ondoren, bigarrenean txikitu egin du Inter Milan. Gozatuz eta gozaraziz ibili dira frantziarrak, eta Doue gaztea izan da finaleko jokalaririk onena. Bi gol sartzeaz gain, gola sartzeko pase bat ere eman du, eta, soilik 19 urte izan arren, PSGren historiaren urrezko lerroetan idatzi du bere izena.

Nasser Al-Khelaifik 2011n PSG erosi zuenetik, beste helbururik ez zuen buruan: Europako lehiaketarik garrantzitsuena irabaztea. Publikoki horixe aitortua zuen, gainera. Direnak eta ez direnak gastatu ditu azken hamalau urteetan helburu horren bila: 2.000 miloi eurotik gora. Esate baterako, mundu mailako hiru izar elkartu zituen taldean duela hiru denboraldi: Lionel Messi, Neymar eta Kilyan Mbappe. Lehenago edo beranduago, uste izatekoa zen Txapeldunen Ligak noizbait hartuko zuela Pariserako bidea, baina urtero helburua lortu gabe geratzen zen Al-Khelaifi. Horregatik, karguan ziren entrenatzaile guztiak langabezian uztea erabakitzen zuen.

Lurrikara betean hartu zuen PSGren aulkia Luis Enriquek, 2023ko udan. Messik eta Neymarrek taldea utzi zuten garai berean, hain zuzen. Hortaz, Mbappe soilik geratzen zitzaion izar moduan, baina entrenatzaile espainiarrak garbi hitz egin zuen lehenengo prentsaurrekoan. Adierazi zuen talde bat eraiki nahi zuela, bere ezaugarrietara egokitua. Hasieran jokalari bat gehiago zirudien Mbappek, baina azkar okertu ziren kontuak, jokalariak aitortu baitzuen ez zuela Parisen jarraituko. Horiek horrela, sasoi honetarako Luis Enrique bera zen taldearen lider nagusia, eta usterik gutxienean iritsi zaio Txapeldunen Ligako garaikurra Al-Khelaifiri.

Lehen fase luzean pattal antzean ibili arren, kanporaketatan Liverpool eta Arsenal kanporatu zituen PSGk, eta finalean ere txikitu egin du Inter. Lehen minutuak orekatuak izan dira, eta bi taldeek errespetu handia azaldu diote elkarri. Esperotako gidoia bete da finalaren hasieran. PSGk izan du baloia, eta joko zuzena nahiago izan du Interrek. Aukeran, oso atzean sartuta ibili dira italiarrak, eta garesti atera zaie. Izan ere, ordu laurdena betetzerako iritsi da 1-0ekoa. Vitinhak baloia jaso du zelaiaren hiru laurdenetan, aparteko pasea eman dio Doueri, eta gazteak bikain aurkitu du Hakimi ate aurrean. Azken horrek ez du barkatu, eta lehen gol aukera garbian aurretik ipini da Luis Enriqueren taldea.

Golak urduritu egin du Inter, eta horixe bera baliatu dute frantziarrek aurkariari min egiten jarraitzeko. Oso goian egin dute presioa, eta baloia jokatu ezinda ibili da Inter Milan. Deseroso egon da Simone Inzaghiren taldea, eta ezohiko hutsak egin ditu atzean. Esate batera, kontraerasoan heldu da 2-0ekoa, eta lo egon dira jokalari italiarrak. Dembelek ederki gidatu du baloia area batetik bestera, Doueri eman dio pasea, eta gazteak sartu du 2-0ekoa, baloiak Demarcoren gorputzean jo ondoren. Atsedenaldira bitarte hirugarren gola sartzeko aukerak ere izan ditu Luis Enriqueren multzoak, baina ez du asmatu. Italiako taldeak, berriz, soilik geldikako jokaldietan egin du mehatxu.

Festa biribildu du

Bigarren zatiari begira, zerbait aldatu beharrean sentitu da Inter Milan, eta aldaketa bikoitza egin du atsedenaldian Inzaghik. Alferrik, ordea. PSGk ezin hobeki kudeatu ditu partidaren barruko denborak. Ederki asmatu du jokoa geratzen eta bere aldera eramaten, eta pixkanaka goitik behera egin du italiarren jokoak eta jarrerak. 3-0ekoarekin erabaki du finala Frantziako taldeak. Doue izan da berriro protagonista. Vitinharen paseari amaiera ederra eman dio, eta zur eta lur utzi ditu futbolzaleak. Iragan sasoian iritsi zen Rens taldetik, eta azaldu du zergatik kendu dion finalean tokia Barcolari.

Finala erabakita geratu da 63. minuturako, eta hortik aurrerakoa festa bilakatu da PSGrentzat. Laugarren eta bosgarren golak egin ditu, eta Txapeldunen Ligan inoiz ikusi ez den emaitza erdietsi du. Inter Milan gol gutxi jasotzeagatik iritsi da finalera batez ere, baina finalean oso gaizki aritu da. Estreinako garaikurra erarik handienean altxatu du zerura PSGk.

PARIS SAINT-GERMAIN-INTER MILAN
PSG. Donnarumma; A. Hakimi, Marquinhos, Pacho, Mendes (L. Hernandez, 78. min.); Vitinha, Fabian Ruiz (Mayulu, 78. min.), Neves (Zaire-Emery, 78. min.); Doue (Barcola, 66. min.), Kvaratskhelia (Ramos, 78. min.) eta Dembele.
Inter Milan. Sommer; Pavard (Bisseck, 54. min; Darmian, 62. min.), Acerbi, Bastoni, Dumfries, Barella; Calhanoglu (Asllani, 70. min.), Mkhitaryan (Carlos Augusto, 62. min.), Dimarco (Zalewski, 54. min.); Thuram eta Lautaro Martinez.
Golak. 1-0: Hakimik (12. min.). 2-0: Douek (19. min.). 3-0: Douek (63. min.). 4-0: Kvaratskheliak (70. min.). 5-0: Mayuluk (87. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.