Hirutik hiru. Xala eta Barriola partida guztiak nahikoa erraz irabazten ari dira Binakako Txapelketan. Eta atzo ere, markagailuari dagokionez behintzat, erraz antzean menderatu zituzten Berasaluze VIII.a eta Apraiz (12-22). Gogorra izan zen partida, lehen erdia batez ere. Baina 9-9kotik 10-20ra igaro ziren irabazleak. Xala oso seguru aritu zen defentsan, eta asmatuz erasoan. Eta Barriolak ere berehala uxatu zituen partida hasierako zalantzak.
2-2, 4-4, 5-5, 8-8, 9-9... Estu joan zen partida hasieran, eta galtzaileek jokatzeko zeudela erakutsi zuten. Barriola, ordea, piloteoan gehiago izan zen partida erditik aurrera, eta Xalak ere gehiago asmatu zuen errematatzeko garaian. 1-11ko partzialarekin, erreakzionatzeko aukerarik gabe geratu ziren galtzaileak. Sailkapen buruan daude Xala eta Barriola,Olaizola II.arekin eta Beginorekin batera, eta Berasaluze VIII.a eta Apraiz, berriz, bosgarren daude, jokatutako hiru partidetatik bat irabazi eta bi galduta.
Partida erditik aurrera oso sendo jokatuta, aise irabazi dute Xalak eta Barriolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu