REALA 2-4 SEVILLA

Partida hasiera txar batek Reala Sevillaren aurkako neurketa galtzera kondenatu du

Sevillak bigarren minutuan sartu du lehen gola, eta Reala 0-2 atzetik iritsi da atsedenaldira. Oiartzabal zelairatzeak taldea suspertu du, baina ez da aski izan; eta Sevillak amaieran biribildu du emaitza: 2-4.

Dani Diez Sevillako Suazo atzelariarengandik ihes egiten, gaur Anoetan. JON URBE / FOKU
Dani Diez Sevillako Suazo atzelariarengandik ihes egiten, gaur Anoetan. JON URBE / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko azaroaren 30a
00:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustuko lekuan aldaparik ez omen, baina erronka bat maldan gora hasteak ez dio onik egiten inori. Horren adibide izan da gaur Reala. Sevillaren aurka neurtu ditu indarrak Anoetan, eta partida ezin okerrago hasi du: bigarren minututik markagailuan atzetik joan da, eta atsedenaldira 0-2 iritsi da. Bigarren zatian Matarazzok Oiartzabal zelairatu du, eta, taldea suspertuta, 1-2ko gola lortu dute. Neurketa apur bat apaldu denean, Fofanaren eta Agoumeren konexio bikainak Sevillaren hirugarren gola ekarri du; eta azken minutuetan Dani Diezek markagailua apaintzea lortu badu ere, Isaacek 97. minutuan azken errematea eman dio emaitzari: 2-4.

Matarazzok erabaki du Oiartzabalek neurketa aulkitik hastea, eta, agian horrek eraginda, Realari izugarri kostatu zaio partida hastea. Eta hori ezin hobeto baliatu du Sevillak. Hasiera-hasieratik presio handia ezarri du Andaluziako taldeak, eta fruitua oso garaiz jaso du: bigarren minutuan, Iglesiasek aurrea hartu dio Guedesi, eta areara bikain erdiratu du baloia. Baloi hori era tamalgarrian aldendu du Remirok, eta hori aprobetxatu du Correiak: Arambururi aurrea hartuta, baloia oso erraz sartu du Realaren atean. Neurketaren lehen ordu laurdena igaro arte ez da suspertu Donostiako taldea. 

Bost minutu eskasean lau aukera sortu ditu Realak, horietatik hiru Sevillaren atera urrunetik ahaleginduta. Hamaseigarren minutuan heldu da Realaren lehenengo aukera. Sucicek area kanpotik izugarrizko indarrarekin jaurti du baloia, baina, zuzenean erdi-erdira jaurti duenez, Vlachodimos atezainak arazorik gabe gelditu du. Handik gutxira, Kubok eta Guedesek ere saiakera egin dute area kanpotik Sevillaren atea zulatzeko, baina alferrik.

Reala suspertzen ari zela zirudienean heldu da Sevillaren bigarren gola, 37. minutuan. Guedesek utzita, Iglesiasek patxada osoz erdiratu du baloia, eta Vargasek errematatzaile onenen pare biribildu du jokaldia, buruz izugarrizko errematea eginda. Hala, 0-2ko emaitzarekin heldu dira etenera.

Berehalako efektua

Bigarren zatian heldu da gol festa. Atsedenaldira aurkako halako emaitzarekin iristeak aldaketak egitera behartzen du, eta Matarazzok argi ikusi du: kapitainak zelaian egon behar zuen. Oskarsson aulkian utzi du, eta Oiartzabal zelairatu du. Jokoari berriz ekin, eta aldaketak berehala eman du emaitza: Guedesek Gomezi zabaldu dio baloia, hark areara erdiratu du, eta bidean Oiartzabalek baloia luzatu du, buruz. Area erdian zain zegoen Sucic, eta ezin garbiago errematatu du baloia. Sevillaren atezainak ezin izan du ezer egin kroaziarraren errematea gelditzeko. 

63. minutuan iritsi da neurketako jokaldirik polemikoena, Sevillaren hirugarren gola izan zitekeena. Sevillak kornerra atera du, eta, Remirok jauzian baloia eskuratu badu ere, lurrera orduko baloiak eskutik alde egin dio; eta Iglesias erdilariak baloia sareratzeko baliatu du. Halere, jokaldia berrikusteko deia egin diote epaileari, eta hark ebatzi du Isaac aurrelariak eragin duela Remirori baloiak ihes egitea. Jokaldi horren ostean, neurketa apur bat itzali da. Baina norbaitek 0-2koarekin amaituko zela pentsatu badu, oker zebilen. 

Vargasek eta Sucicek aurrez sartutako golak ikusgarriak izan dira, eta 80. minutuan, Fofanaren eta Agoumeren konexio bikain baten ostean, hirugarren gola sartu du Andaluziako taldeak. Realak ez ditu besoak gurutzatu, eta, beste behin, kapitainak taldearen gidaritza hartu du, eta baloi bat bikain erdiratu du. Arean ez zegoen inor, baina Dani Diez harrobiko jokalaria bikain heldu da atzetik, eta are bikainago errematatu du: 2-3koa.

Reala estutzen ari zenean, ordea, Sevillak kontraeraso bat baliatu du markagailua biribiltzeko: 97. minutuan neurketako seigarren gola sartu du Isaacek. Atzoko emaitzaren ostean, Sevillak Reala harrapatu du sailkapenean, eta, horren bitartez, bosgarren postua eskuratu du. Denboraldia hala amaituz gero, datorren denboraldian Andaluziako taldeak Txapeldunen Ligan jokatuko luke; eta Realak, Europa ligan, aurten egiten ari den moduan.

REALA-SEVILLA

Reala: Remiro; Aramburu (Hector Fort, 61. min), Jon Martin, Sarr, Sergio Gomez; Take Kubo (Dani Diez, 72. min), Gorrotxategi (Turrientes, 82. min), Soler (Zakharyan, 73. min), Guedes; Sucic eta Oskarsson (Oiarzabal, 46. min).

Sevilla: Vlachodimos; Iglesias, Castrin, Salas, Suazo; Agoume, Fofana; Vargas (Ejuke, 79. min), Guridi (Kochorashvili, 61. min), Correia (Peque, 79. min) eta Stassin (Isaac, 61. min).

Golak: 0-1 Correiak (3. min); 0-2 Vargasek (37. min); 1-2 Sucicek (49. min); 1-3 Fofanak (84. min); 2-3 Dani Diezek (90. min); 2-4 Isaacek (97. min),

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA