Partida kaskarra jokatuta irabazi dio Irribarriak Victorri (22-20)

ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Garaipena lortu eta gero Iker Irribarriak egindako oihuek eta keinuek bi gauza utzi zituzten agerian: zama handia kendu zuela Buruz Buruko final-laurdenetara sailkatuta, eta ez zegoela batere kontentu egindako partidarekin.

Aramako aurrelariak 22-20 hartu zuen mendean Victor Esteban. Baina ez zuen ondo jokatu. Berak aitortu zuen amaieran. Lotuta jokatu zuen, eta irabazi beharrak eragiten duen presioak zamatuta.

Sakearekin mina egin ezinik eta pilota gozatu gabe ekin zion lehiari Irribarriak. Egoera horretan eroso zebilen Victor. Hortik etor zitekeen garaipena, eta bazekien. Akatsez betetako partida bat izan zen, eta bi pilotariek ez zuten haustea lortzen. Berdinketak ziren nagusi, eta, gehienez, bi tantoren aldea zuten bi pilotariek.

Atsedenaldi luzera bi tantoren aldearekin ailegatu zen Victor: 12-10. Atsedenaldiak mesede egin zion Irribarriari, ordea, eta hortik aurrera apur bat hobetzen hasi zen, eta min handiagoa egiten. 16-12 jarri zen aurretik, eta bazirudien gainditu zuela hasiera txarra, eta bideratua zuela partida.

Baina ez zen horrela izan, eta Victorrek, bere ohiko jokoa eginez, norgehiagokan jarraitzea lortu zuen, eta berriro ere partida berdintzeko aukera izan zuen: 17-17. Hala, estua izan zen amaiera. 20 eta 19ko tantoa erabakigarria izan zen. Tanto nahasia izan zen. Bi pilotariek ondo mugitu zuten pilota, eta bazterrean utzitako bi pilotatan gertu izan zuten tantoa. Azkenean, Irribarriak lortu zen.

Azkenean, 22-20 amaitu zen lehia, eta datorren asteburuan Irribarriak itxura hobea eman beharko du, egungo txapeldun Jokin Altunari irabazi nahi badio. Norgehiagoka Atano III.a pilotalekuan jokatuko da.

Dena dela, oraindik ez dira amaitu Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenak. Gaur jokatuko da azkeneko norgehiagoka: Beñat Rezustak eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak. Rezustak sasoi betean amaitu zuen Binakako Txapelketa, eta faborito argia da, baina Etxeberria ezustekoa emateko prest dago. Gaurko irabazleak Elezkano II.a izango du kontrario, datorren astelehenean, Beotibarren.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA