Naiara Diez. Lointek Gernika Bizkaiako jokalaria

«Partidaz partida joan nahi dugu, ikasiz eta disfrutatuz»

Gaur jokatuko du estreinakoz Gernikak Europako txapelketa batean: Eurokopan. Girona izango du aurkari, eta debutatzeko «gogoz eta ilusioz» daudela azaldu du Diez kapitainak.

MARISOL RAMIREZ / ARP.
ainara arratibel gascon
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Naiara Diez (Altsasu, Nafarroa, 1987) Lointek Bizkaia Gernikara iritsi zenean, taldea Espainiako Bigarren Mailan zegoen. Bost sasoi pasatu dira ordutik. Eskoltak 200 partida baino gehiago jokatu ditu, eta taldeko kapitaina da. Kluba hazten ikusi du. Berak ere debuta egingo du gaur Europan. Gironaren aurkako partidarako jokatzeko moduan dago Marina Kuzina fitxatu berria, eta Mario Lopez entrenatzaileak Ameryst Alston eta Alice Devaughnen artean aukeratu beharko du. Amaia Gastaminza min hartuta dago.

2017ko urriaren 11 (gaur) beti izango da berezia Lointek Bizkaia Gernikarentzat. Estreinakoz Europako txapelketa batean hartuko duzue parte: Eurokopan. Nola zaudete?

Ilusio eta gogo handiarekin gaude. Oso partida berezia izango da denontzat, estreinakoa delako eta Casillan jokatuko dugulako. Baina horretaz ahaztu, eta beste partida bat balitz bezala kantxaratu behar dugu.

Multzoan duzuen lehen aurkaria Girona da, ligan aurkari duzuen talde bat. Nahiago zenuten kontrarioen artean ligako beste talderik ez egotea?

Lehiaketa diferentea da, eta ez zitzaigun inporta. Europan lehiatu diren jokalariek esan digute epaileek joko gogorragoa onartzen dutela, eta partiden erritmoa biziagoa dela. Horretara ohitzea izango da gure lehendabiziko erronka.

Multzoan beste bi taldea daude: Landes Frantziakoa eta Cegled Hungariakoa. Bi sailkatzen direla kontuan hartuta, nortzuk ikusten dituzu faborito?

Girona eta Landes koska bat gorago daude. Baina guk ez dugu horretan pentsatu behar. Neurketaz neurketa joan nahi dugu, beste ezertan pentsatu gabe. Edozergerta daiteke. Aurkariei ez diegu beldurrik izan behar. Disfrutatu eta ikasi egin nahi dugu.

Gironak eta zuek oso ondo ezagutzen duzue elkar. Non egongo da garaipena lortzeko gakoa?

Girona oso talde indartsua da. Perfumerias Avenidarekin borrokatu da Espainiako Liga eta Kopa irabazteko. Nahiz eta asteburuan 20 punturengatik galdu zuen haien aurka. Europan ere ziur lanona egingo duela, eskarmentua baduelako. Batez ere haien barneko jokoa nabarmenduko nuke. Lehen mailako pibotak dituzte, erabakigarriak: Colhado, EvansAlminaite, Traore... Beraz, ondo zaindu beharko ditugu. Uztaipean ditugun hutsuneak kontuan hartuta, zaila izango da hori. Fisikoki gu baino talde indartsuagoa eta garaiagoa da. Denen artean gogor eta sendo defendatu beharko dugu. Hala eginez gero, konfiantza eta lasaitasun handiagoz ariko gara gero erasoan. Haien erasoaren intentsitatea jaistea ere garrantzitsua izango da. Partidaren bila joan behar dugu, eta ez zain egon. Guk ezarri behar dugu erritmoa.

Bi txapelketetan lehiatzeko nahikoa talde zabala duzue?

Bai. Taldea horretarako prestatua eta osatua dago.

Malosten jokatu beharrean Casillan jokatuko duzue. Horrek izan dezake eraginik?

Argi dago gure zaleentzat erosoagoa zela herrian jokatzea. Baina gure pabiloiak ez ditu Eurokopak eskatzen dituen hainbat baldintza betetzen. Klubak autobusak jarriko ditu, eta ziur naiz gure zaleak etorriko direla. Gainera, Casillan Bizkaiko saskibaloiaren une historikoak bizi izan dira, eta berezia da han jokatzea. Nahiko genuke Bilbo inguruko saskibaloi zaleak etortzea, eta jendea gure partidetara erakartzeko balio izatea.

Denboraldi oro zuen maila eta emaitzak hobetuz zoazte. Final bat jokatzea eta titulu bat irabaztea falta zaizue. Gero eta zailagoa da horri eustea?

Bai. Ez hori bakarrik, baita aurreko sasoietako lortutakoa errepikatzea ere. Aurreko denboraldian lortutako emaitzak kontuan hartuta, aurkariak gero eta lehiakorrago jokatzen dute gure kontra. Beraz, gehiago kostatzen zaigu garaipenak lortzea. Gure lehen helburua Espainiako Koparako sailkatzea izango da, eta ondoren kanporaketetara iristea.

Bost sasoi daramatzazu taldean, eta 200dik gora partida jokatu dituzu. Nola bizi izan duzu klubaren hazkundea?

Harro eta lan asko eginda. Oso eskertuta nago hori lortzen lagundu diguten guztiei. Taldea kirol esparruan gora egin du, baina baita azpiegituretan, baliabideetan eta abarretan ere... Batak bestea ekarri du, eta horretan jarraitu nahi dugu.

Europan duzue burua egun hauetan. Baina liga ez duzue nahi bezala hasi: bi porrot eta garaipen bat daramazue. Zein balorazio egiten duzu?

Aste eta erdian hiru norgehiagoka jokatu ditugu. Dena oso azkar doa. Jokalari berri asko ditugu, eta uztaipean hutsuneak. Amaia Gastaminza eta Talia Caldwell min hartu daude, eta gure pibotberria, Alicia Devaughn estatubatuarra, iritsi berria da. Taldeak egokituz eta sendotuz joan behar du. Entrenamenduak behar ditu horretarako, baina denbora gutxi dugu. Astero bi partida ditugu. Jokatu ahala hobetu behar dugu.

Lehen jardunaldian Sant Adria igo berriaren aurka galdu zenuten. Hori izan da ezusterik handiena zuentzat?

Ez genuen ondo jokatu, eta merezitako porrota izan zen. Aurreko sasoian berdin gertatu zitzaigun. Caceres igo berria zen. Lehen jardunaldian haien kontra jokatu, eta galdu egin genuen. Horrek erakusten du berdintasun handia dagoela ligan.Edozeinen aurka irabaz eta gal dezakezu. Beraz,ezin dugu lo hartu. Hobetzeko lan egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.