Patxi Izko Osasunako presidente izandakoa hil da

Hamar urtez izan zen lehendakaria: Javier Miranda ordezkatu zuen 2002an, eta 2012ra arte izan zen agintari

Patxi Izko Osasunako presidente izandakoa, 2011n. OSASUNA.
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Patxi Izko Osasunako presidente izandakoa hil zen atzo, 77 urterekin. Izko hamar urtez izan zen klubaren lehendakaria. 2002an hartu zuen kargua, hauteskundeak irabazita. Javier Mirandari hartu zion lekukoa. 2006an, berriro aurkeztu zen, eta, beste hautagairik ez zenez aurkeztu, karguan jarraitu zuen. 2010ean berriro irabazi zituen hauteskundeak. 2014ra arte egon behar zuen karguan, baina bi urte lehenago uko egin zion presidente izateari, «fisikoki eta psikologikoki nekatuta» zegoela argudiatuta.

Osasuna Espainiako Ligako Lehen Mailan izan zen urte horietan guztietan, eta hainbat mugarri erdietsi zituen: besteak beste, orduan ailegatu zen lehen aldiz Espainiako Kopako finalera —2005ean—, baita UEFA kopako finalerdiak jokatu ere —2007an—. Tartean, Osasuna laugarren izan zen ligan, eta Txapeldunen Ligan aritu zen; aldi horretan bakarrik aritu da.

Horrez gain, arlo ekonomikoetan eginiko iruzurrengatik da ezaguna Izko, batik bat: Osasuna auziagatik. Besteak beste, lehendakari zelarik klubarenak ziren 3.090.000 euro baliatzea eta kontabilitate datuak faltsutzea egotzita epaitu zuten. Epailearen arabera, 2003an, 2004an eta 2005ean 1.380.000 euro hartu zituen; 2006an, 1.260.000; eta 2007an, 450.000. Azkenik, 2021ean kondenatu zuten: 23 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.