Paul de la Cuesta ondo aritu da superkonbinatuan

Donostiarrak 21. postuan bukatu du proba; Imanol Rojo 50. izan da 15 kilometroko proban

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Paul de la Cuestak 21. postuan bukatu zuen atzo Neguko Olinpiar Jokoetako superkonbinatuko proba —jaitsiera motza eta eslaloma elkartzen ditu—. Donostiarrak lehen hamabosten artean bukatzeko helburua jarri zion bere buruari, baina ezin izan zuen lortu. Dena den, denbora ona da, eta gustura bukatzeko arrazoiak izan zituen. De la Cuestak Sandro Viletta irabazleak baino 6,86 segundo gehiago behar izan zituen bi jaitsierak egiteko. Vilettak ezusteko handia eman zuen.

De la Cuestak goiz eta arratsaldeko jarduna izan zuen Krasnaia Polianako pistetan (Errusia). Goizean, 1.56,22ko marka egin zuen jaitsieran, Kjetil Jansrund irabazlearengandik 2,98ra. Arratsaldean, berriz, eslalom jaitsiera zuen, eta komeria dezente izan zituen ate pare bat pasatzeko. 55,84 segundo behar izan zituen helmugara iristeko, Vilettak baino 5,73 gehiago. De la Cuesta 23. marka lortu zuen, baina aurretik bi parte hartzaile kanporatu zituztenez, lehen hogeien artean sartzeko zorian egon zen.

Ezusteko askoko proba izan zen, Viletta ez baitzegoen faboritoen artean, eta ozta-ozta irabazi zion Ivica Kostelici, hautagai nagusietako bati. Brontzezko domina Christoff Innerhofer italiarrak irabazi zuen. Hiru faborito handienak, Bode Miller eta Ted Ligety estatubatuarrak eta Alexis Pinrault frantziarra podiumetik kanpo gelditu ziren. De la Cuestari bi proba gelditzen zaizkio oraindik: supererraldoia bihar, eta erraldoia hilaren 19an.

Rojo: «Nahiko pozik»

Imanol Rojo 50. izan zen iraupen eskiko 15 kilometroko proba, eta 30 kilometroetan lorturiko postua errepikatu zuen. Tolosarrak «nahiko pozik» bukatu zuen. Rojok azaldu zuenez, lasterketa asko gogortu zen beroaren eraginez. Beroarekin, ahalegin bera gogorragoa da, eta elurra bigundu egiten da. Urrezko domina Dario Cologna 2010eko txapeldunarentzat izan zen. Rojori proba bakarra falta zaio, 50 kilometrokoa, hilaren 23an. Atzo izandako sentipen onek «baikor» izaten lagundu diote Rojori, eta lehen 30 sailkatuen artean sartzeko moduan ikusten du bere burua.

Bestalde, Lucas Egibar, hirugarren euskal parte hartzailea atzo iritsi zen Sotxira (Errusia). Snowboarder donostiarra da podiumetik gertu ibiltzeko aukera gehien duen ordezkaria. Egibar etzi lehiatuko da, snowboardcross proban. Orain, bi egun ditu pista ondo probatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.