Paul Seixasek irabazi du Lombardiako Itzulia, Civiglioko igoeran erasoa jota

Azken hogei kilometroak bakarrik egin ditu frantziarrak, eta bere ibilbideko lehen monumentua irabazi du. Izagirrek eta Bilbaok bizikleta gainean esan diote agur kirol profesionalari, hunkituta biak ala biak.

Paul Seixas etapa garaipena ospatzen, gaur, Mendukiloko helmugan. VILLAR LOPEZ / EFE
Paul Seixas Euskal Herriko Itzuliko etapa baten garaipena ospatzen aurten, Mendukilon. VILLAR LOPEZ / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 10a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paul Seixasek (Decathlon) berretsi du egun handietarako prest dagoela, nahiz eta oraindik 19 urte izan. Tadej Pogacarren (UAE) lesioaren ondoren, faborito askorekin hasi da gaur Lombardiako Itzulia. Seixas zen horietako bat, baina ondoan zituen Remco Evenepoel (Red Bull), Tom Pidcock (Q36.5), Isaac del Toro (UAE), Brandon McNulty (UAE), Giulio Ciccone (Trek)... Helmugarako hogei kilometro falta zirela iritsi da Civiglio igoera, eta, erritmo gogorra jarriz, faborito guztiak atzean utziz joan da Seixas: azkenean, ia minutu baten aldearekin irabazi du bere ibilbideko lehen monumentua. Sinistu ezinik iritsi da helmugara, eta lasterketaren historian inoiz izan den irabazlerik gazteena da.

Oilar mordoa joan dira aurten Lombardiako Itzulira, denboraldia garaipen handi batekin amaitzeko asmoz. Azken urteetan emozioa galdua zuen lasterketak, 2021etik 2025era Pogacarrek irabazi baitu beti. Nork irabaziko zuen bainoago, jokoan zegoen bakarra zera zen: Pogacar bakarrik noiz geratuko zen. Bada, Espainiako Vueltan eroriko latza izan zuen esloveniarrak, eta denboraldia amaitu arteko lasterketa handiak eskuragarriago geratu zitzaizkien gainontzeko oilarrei. Eta ez ziren edozein lasterketa: Vuelta bera, Munduko Txapelketa, Europako Txapelketa eta Lombardiako Itzulia jokatzeko zeuden oraindik.

Hainbat ihesaldi izan dira lasterketan, baina indartsuena Ben O’Connor (Jayco), Gigs Leemreize (Oicnic), George Bennett (NSN) eta beste txirrindulari batzuek egin dutena izan da. Onenen taldeari bi minutu pasatxoko tartea atera diote, baina 50 kilometro falta zirela, Madonnan gora Red Bullek erritmoa gogortu du atzean, Evenepoelen alde. Denbora gutxinaka laburtuz joan dira, baina lan ona egin dute ihesaldikoek tarteari eusteko.

Civiglion erabaki da

San Fermo della Battagliara egin duten lehen igoeran tartea are gehiago txikitu dute onenek, eta erasoak Civiglio igoeran iritsi dira. Lasterketa burua minutu erdira zutela, Seixasek erritmoa bizitu du. Erasoa ez da oso bortitza izan, baina bai aurkariak hustu eta atzean uzteko nahikoa. Del Toro, Evenepoel eta Ben Healy (EF) izan dira atzean geratzen lehenak, eta Pidcock eta Ciccone Seixasen gurpilera itsatsi dira. Handik gutxira, baina, bi horiek ezin izan diote frantses gaztearen erritmoari jarraitu, eta atzean geratu dira. Pidcock Ciccone baino atzerago geratu da, eta Enric Masek (Movistar) hartu du haren lekua. Civiglioren gainera iristerako, Seixasek jada 30 segundoren aldea ateratzen zien italiarrari eta katalanari.

Jaitsiera arrisku handirik hartu gabe egin du Seixasek, eta atzekoek segundoren bat moztu dute tartea, baina argi zegoen jada garaipena frantziarrarentzat izango zela. San Fermo della Battagliako azken igoera ederki egin du Seixasek, eta, jaitsiera lasai eginda, azken kilometroa gozatzeko eta garaipena ospatzen hasteko probestu du: ezin sinistuta iritsi da helmugara.

Atzetik, azken igoeran Masek erasoa jo du, eta atzean utzi du Ciccone. Nabari da Vuelta irabazteak indarra eman diola kataluniarrari, eta 2022an lortu zuen emaitza bera lortu du: bigarren geratu da Lombardian. Ciccone hirugarren iritsi da helmugara, Evenepoel laugarren, eta munduko txapelduna, McNulty, bosgarren.

Ezin hobeto itxi du Seixasek bere lehen denboraldi handia. Bigarren geratu zen Strade Bianchen, eta Euskal Herriko Itzulia alde handiz irabazi zuen, lehen etapetan aurkariak baino askoz gehiago izan baitzen. Fleche Wallonne klasikoa irabaztea ere lortu zuen, eta bere lehenengo Frantziako Tourrean laugarren geratu zen.

Agur hunkigarria

Denboraldiko azken lasterketa garrantzitsua da Lombardiako Itzulia, eta txirrindulari askorentzat ibilbideko azken lasterketa izaten da. Gaur bati baino gehiagori tokatu zaie agur esatea, eta Pello Bilbao eta Ion Izagirre euskal txirrindulariak horietako bi izan dira. Garaipen handiak lortu dituzte biek ala biek tropel profesionalean eman dituzten denboraldietan, eta taldekideek eta aurkariek agur berezia egin diete, bizikletak altxatuta pasabide bat sortuz. Hortik igaro dira Bilbao eta Izagirre, Rudy Molard, Bauke Mollema eta Odd Christian Eikingekin batera.

Itzulia hasi aurretik, gertukoak inguruan izan dituzte Bilbaok eta Izagirrek, eta biak asko hunkitu dira. Bilbaori, esaterako, ezusteko polit bat eman dio emazteak, taldeko autobusean seme-alabekin agertuz. Izagirreren inguruan ere izan dira gertukoak klasikoa hasi aurretik eta amaitu ostean, eta taldeak bere ibilbidea omentzeko bizikleta berezi bat prestatu dio lasterketarako, bi ikurrin margotuta.

Lombardiako Itzulian ez dira aurrean izan bi euskal txirrindulariak, eta lasai esan diote agur ibilbideari. Izagirre azken orduan joan da itzulira, eskumuturra hautsi baitzuen duela hilabete pasatxo, baina azkenean lasterketan izan da, nahiz eta oraindik guztiz osatu gabe egon. Bizikleta gainean esan nahi zion agur horrenbeste eman dion kirolari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA