Paola Blasi kataluniarrak (UAE) Espainiako Vuelta irabazi du gaur. Blasik irauli egin du sailkapen nagusia azkeneko etapan. Kataluniarrak bigarren postuan ekin dio etapari, Anna van der Breggen herbeheretarrarengandik (SD Worx) hemezortzi segundora. Alde txikia zen, eta are gehiago kontuan hartuta azkeneko etapa oso gogorra zela, aurtengo ekitaldiko gogorrena: lehen aldiz igoko zuten Angliru. Eta mendate horren igoera erabakigarria izan da. Petra Stiasny suitzarra (Human Powered Health) nagusitu da, eta Blasi bigarren izan da. 36 segundo atera dizkio Van den Breggeni helmugan, eta bigarren sailkatu denez, sei segundoren gainsaria izan du. Hala, azkenean, 24 segundo atera dizkio sailkapen nagusian herbeheretarrari. Marion Brunel frantziarra (Visma) izan da hirugarren, Blasirengandik 49 segundora.Â
Jarraian sailkatu da Usoa Ostolaza zarauztarra (Laboral Kutxa-Euskadi), laugarren postuan, 2.31ra. Ostolaza zortzigarren postuan sailkatu da etapan, irabazlearengandik 1.41era, eta, horri esker, hiru postu egin ditu gora sailkapen nagusian: zazpigarren zen azkeneko etapa hasi aurretik. Ostolazak itzuli handi batean inoiz lortu duen posturik onena da. Iaz, hamabigarren izan zen Vueltan, baina, aurten, jauzi handia egin du. 2005ean Joane Somarriba Italiako Giroan bigarren izan zenetik euskal txirrindulari batek itzuli handi batean lortu duen posturik onena da Ostolazak Vueltan lortu duen laugarren tokia.
Pozarren zegoen Ostolaza etapa bukaeran. «Oso zoriontsua naiz, eta oso eskertuta nago taldeak astean egin duen lanarekin. Iazko arantza atera dut, azken etapan erori eta sailkapen nagusiko aurreneko hamar txirrindularietatik kanpo geratu bainintzen. Aurten, mimo handiz prestatu dut Vuelta, eta ahaleginak fruitua eman du».
Thomas Silvak irabazi du Giroan
Italiako Giroan, berriz, Thomas Silva uruguaitarrak (Astana) historia egin du, eta lehen garaipena eman dio bere herrialdeari Giroan. Caja Rural taldeko txirrindulari izandakoa azkarrena izan da esprintean bigarren etapan, Veliko Tarnovon (Bulgaria). Florian Stork (Tudor) izan da bigarren, eta Giulio Ciccone (Lidl), hirugarren. Irabazteaz gain, Silvak maglia arrosa jantzi du. Sailkapen nagusian, lau segundo ateratzen dizkio Storki, eta sei Egan Bernali, Thymen Arensmani (Ineos) eta Cicconeri.
Euria egin du etapan, eta horrek tentsioa handitu du, baita erorikoak eragin ere. Helmugarako hogei kilometroren faltan, etapa eten dute, txirrindulari dezente erori baitira. Adam Yatesek (UAE) kolpea hartu du, baina lehian jarraitu du; ez, ordea, haren taldekide Jay Vinek. Faboritoak ere mugitu egin dira, eta Jonas Vingegaardek (Visma) erasoa jo du azken kilometroetan. Azkenean, baina, esprintean erabaki da etapako garailea.