Ez dago Paula Ostizi aurre egingo dionik. Iruñeko 18 urteko txirrindularia erakustaldiz erakustaldi dabil azkenaldian. Duela astebete balentria egin zuen Munduko Txapelketan, Kigalin, Ruandan: urrezko domina irabazi zuen junior mailako errepidekoan, eta zilarrezkoa erlojupekoan.
Baina Ostiz ez da nekatzen irabazteaz, eta, Munduko Txapelketakoaren ondoren, beste balentria bat egin du Europako Txapelketan, Frantzian. Bi probatan lehiatu da, eta biak irabazi ditu: asteazkenean, erlojupekoan gailendu zen. Gaur, berriz, errepidekoan nagusitu da. Hau da, kolkoan urrezko bi domina dituela amaitu ditu lanak Europako Txapelketan. Gaur, gainera, ortzadar maillota soinean zuela irabazi du. Lehen aldiz jantzi, eta sekulako estreinaldia izan du.
Ostiz izan da azkarrena taldetxo batean. Anja Grossmann suitzarrak estutu du gehien txirrindulari nafarra, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Chantal Pegolo italiarra sailkatu da hirugarren, Ostizengandik hiru segundora. Ostizez gain, beste euskal txirrindulari bat lehiatu da, Irati Aranguren, baina usurbildarra onenengandik urrun geratu da, 30. postuan, Ostizengandik minutu pasatxora.
«Ikaragarria da. Urte osoa daramat gogor lanean, eta lan hori azken astean islatu da. Eskerrak eman nahi dizkiet taldekideei, haiek gabe ezinezkoa da hau lortzea. Oso zoriontsu naiz, eta oraindik ez dut barneratu egiten ari naizena. Orain etxekoekin eta ingurukoekin ospatu nahi dut», esan du Ostizek.