Paula Ostiz bere garaipen zerrenda bete eta bete dabil. 18 urteko txirrindulari iruindarrak zilarrezko domina irabazi du gaur, junior mailako erlojuaren aurkakoan, Munduko Txapelketan, Kigalin, Ruandan. Megan Arens herbeheretarra bakarrik izan da hura baino azkarragoa 18,3 kilometroko erlojupekoan: Arensek 35 segundo atera dizkio Ostizi. Hirugarren, berriz, Oda Aune Gissinger norvegiarra sailkatu da, Arensengandik 37 segundora.
Gaur irabazi duen zilarrezko dominarekin Ostizek bi domina ditu jada munduko txapelketetan, biak zilarrezkoak. Iaz, bigarren izan zen junior mailako errepidekoan, Zurichen, Suitzan. Erlojupekoan, berriz, zazpigarren postuan sailkatu zen. Gaur, ordea, jauzi handia egin du, eta podiumaren bigarren koskara igo da. Europako txapelduna ere bada modalitate horretan.
Sasoi betean dago, eta konfiantzaz gainezka, eta horrek mesede egingo dio, larunbatean berriro lehiatuko baita munduko txapelketan. Errepidekoan arituko da, eta iaz bigarren izan zela kontuan hartuta, eta gaur erlojuaren aurka nola aritu den kontuan hartuta, hautagai argia da beste domina bat irabazteko.
Ostiz abuztuan bilakatu zen ofizialki Movistar taldeko txirrindulari profesionala, 18 urte eskasekin. Hiru lasterketa jokatu ditu, eta gustura aritu da.
Urkaregi 28. postuan sailkatu da
Eñaut Urkaregi larrauldarra gaur ere lehiatu da junior mailako erlojupekoan, baina onenengandik oso urrun geratu da: 28. postuan sailkatu da, irabazlearengandik, Michiel Mouris herbeheretarrarengandik, 2.22ra. Urkaregi errepideko proba ariko da ostiralean.