Patu krudela izan du berriz ere Mikel Landak (Soudal). Giroko podiuma hirugarrenez zapaltzeko ilusioa zuen, baina hasi orduko lasterketa utzi beharrean izan da. Eroriko larria izan du eguneko azken mendatearen jaitsieran, helmugarako bost kilometro eskas falta zirela. Ez da erori den ziklista bakarra izan, baina arabarrak hartu du kolperik txarrena. Ohatila erabiliz sartu dute anbulantzian. Soudal taldeak jakinarazi duenez, orno bat hautsi du.
Mads Pedersenek (Lidl), berriz, kolpea jo du mahai gainean, esprinta irabazi eta arrosaz jantzi baita. Taldeak lan itzela egin dio maldan gora arerio gehienak jokoz kanpo uzteko. Wout van Aertek (Visma) kostata iraun du aurrean, eta amaieran, ezin izan du Pedersen aurreratu. Hirugarren Orluis Aular (Movistar) izan da.
Gaurko etapak, printzipioz, ez zuen eraginik izan behar Giroa irabazteko hautagaien lehian. Alabaina, erorikoek mailatu egin dituzte bat baino gehiago: Juan Ayusok (UAE) aparteko arazorik gabe jarraitu du lasterketan, baina Landa, ohatila erabiliz anbulantzian sartu, eta erietxera eraman behar izan dute. Horrez gain, beste oilar batzuei gandorra guztiz apaldu zaie Lidl taldeak Surreleko igoera bikoitzean ipinitako erritmo biziaren eraginez. Derek Geek (Israel) 57 segundo galdu ditu helmugan, eta Thymen Arensmanek (Ineos), 1.35. Pello Bilbaok (Bahrain), berriz, faboritoen saldotik kanpo dagoela berretsi du, bost minutuko atzerapenarekin helmugaratu baita.
Pedersen izan da Tiranako (Albania) helmuga zeharkatzen lehena. Taldekideek lan aparta egin dute haren mesedetan, eta bikain kokatuta sartu da azken zuzengunean. Van Aertek gorriak eta bi ikusi ditu maldan gora, baina esprintean estutu egin du Pedersen. Halere, danimarkarrarentzat izan da garaipena. Udaberrian ezin izan du monumenturik irabazi, baina gaur bigarrenez gailendu da Giroko etapa batean —zazpigarrenez osotara itzuli handietan—, eta bere egin du maglia arrosa.
Etapa hasieran, berriz, maiz tropeletik aparte jarduten duten bost txirrindulari elkartu dira ihesaldian: Manuele Tarozzi (Bardiani), Alessandro Tonelli (Polti), Taco van der Hoorn (Intermarche), Sylvain Moniquet (Cofidis) eta Alessandro Verre (Arkea). Gertutik zaindu ditu tropelak; etapa amaierari begira esprinta bermatu nahi zuten Vismak eta Lidlek, Van Aerten eta Pedersenen taldeek. Iheslariak minutu eskas baten aldearekin hasi dira eguneko lehen mendatea igotzen. Etapako hiru igoeretan gogorrena ere bazen Gracen (3 kilometro eta %5,1eko pendiza), eta bertan amore eman du Van der Hoornek.
Esperantzak gehixeago iraun die lasterketa buruko beste lau txirrindulariei. Aurrea hartuta iritsi dira 48 kilometroren faltan zegoen gainsaridun esprintera, baina hortik gutxira xurgatu ditu multzo nagusiak, Surrel mendatea igotzen hastear zirela. Birritan gainditu beharra zeukaten txirrindulariek, eta lehen pasaeran ez da erasorik izan. Lidlen erritmoak, ordea, min egin die esprinter gehienei.
Bigarren igoeran, Arensmanek eta Geek ere ezin izan dute aurrean jarraitu. Hots, sailkapen nagusikoek ere elastikoa izerditu behar izan dute. Giulio Cicconeren (Lidl) erreleboak ataka estuan jarri ditu asko, eta haietako bat izan da Van Aert. Doi-doi gainditu du galbahea. Bizi-bizi abiatu dira ziklistak maldan behera, eta bihurgune batean muturreko handia hartu du Landak. Multzoa zatitu egin da erorikoaren ondorioz, baina Pedersen ez da urduritu, eta harentzat izan da garaipena, kokapen ona eta indarra uztartuta.
Bihar, erlojupeko laburra
Giroak Albaniako lurretan jarraituko du datozen bi egunetan. Bihar lasterketako bi erlojupekoetan aurrenekoa jokatuko da, eta bietan laburrena. Txirrindulariek 13,7 kilometroko esfortzua egin beharko dute Tirana inguruan. Saio laua izango da oro har, baina laugarren mailako muino bat topatuko dute ibilbidearen erdialdean. Erlojuaren kontra oso abilak dira Roglic eta Ayuso, eta hori baliatzen saiatuko dira bihar. Pedersenentzat erronka zaila izango da maglia arrosari eustea.