Altuna III.a-Martija 20-22 Peio Etxeberria-Zabaleta

Peio Etxeberria eta Zabaleta txapeldun

Final gogorra eta emozio handikoa jokatu dute Nafarroa Arenan, eta txapeldunek 22 eta 20 irabazi diete Altuna III.ari eta Martijari. Zabaletak bosgarrenez jantzi du txapela.

Finala jokatu duten pilotariak sari banaketan, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Finala jokatu duten pilotariak sari banaketan, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon eskudero
2024ko martxoaren 31
20:20
Entzun

Errukirik gabea izan da Binakako Txapelketako finala. Gogorra, ona, intentsitate handikoa eta emozioz betea. Lana gogotik egin behar izan dute lau pilotariek, zazpiehundik gora pilotakada jo behar izan baitituzte ordu eta erdian. Eta, azkenean, Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak jantzi dute txapela, ederki merezita, Iruñeko Nafarroa Arenan. Jokoz gehiago izan dira txapeldunak, eta lehen zati ikaragarri gogorraren ondoren, ezin hobeki bideratuak izan dituzte lanak azken txanpan. Besteak beste, 21 eta 14 joan dira aurretik, baina latz kosta zaie azken tantoa egiten. Jokin Altunak eta Julen Martijak ez dute amore eman, eta gertu izan dute miraria, baina azkenean Zabaletaren pilotakada batek ebatzi du finala. Errebotean sartu du pilota nafarrak, eta, azkenean, 22 eta 20 nagusitu dira. Nafarroa Arenako pilotazaleek zutik agurtu dituzte pilotariak, eta ez da gutxiagorako izan, goi mailako ikuskizuna eman baitute. Gauzak hala, Zabaletak bosgarren aldiz jantzi du binakako txapela, eta izen handien artean sartu da. Peio Etxeberriak, berriz, estreinakoz lortu du txapela Lehen Mailan.

Partida hasi berria zen arren, freskoago sumatu dira txapeldunak lehen tantoetan. Fresko ibili da Zabaleta, eta ausart Peio Etxeberria. Ez da kikilduta egon; kontrakoa, nortasuna erakutsi du. Urdinak 0-3 aurreratu dira. Ezinean ibili dira Altuna III.a eta Martija, baina ez luzerako. Lana eta patxada izan dituzte oinarri, eta pixkanaka partidan sartuz joan dira. Aurkariaren bizkarra ikusi arren, lehiari ongi eutsi dio Martijak, eta Altuna III.ak berak ere tanto apartak egin ditu aurrean. Esaterako, 4-5ekoa txapelketako tantorik onena izan da, ezkerrez hormabiko batez egina. Partidako lehen berdinketa bosnakoa izan da, eta hortik aurrera bi bikoteak elkar hautsi ezinik ibili dira.

VILLAR LOPEZ / EFE
VILLAR LOPEZ / EFE

Jokoz freskoago eta inspiratuago egon dira Peio Etxeberria eta Zabaleta, baina opariak ere gehixeago egin dituzte. Esanguratsua izan da Ultzamako aurrelariak sakez falta egin izana 7-8 aurretik zirela. Hanka sartzeak garesti atera ohi dira finaletan, baina buruari eta kontrolari ongi eutsi dio Aspeko aurrelariak. Lanean jarraitu du, eta taktikoki egoki jokatu; izan ere, Zabaletaren aginteari etekina ateratzen asmatu du. Odol beroari eutsi, eta partidaren analisia egoki kudeatu du. Hala, lehen atsedenaldi luzera aurretik iritsi dira Etxeberria eta Zabaleta: 9 eta 12. Etxarrengo (Nafarroa) atzelaria izan da lehen zatian onena.

Ordurako 350 pilotakadatik gora zituzten joak, eta atsedenalditik bueltan ere ez dira alferkerian egon finalistak. Hurrengo tantoak 113 pilotakada izan baititu. Hura ere urdinen aldera joan da, eta 9-13 aurreratu dira. Partidak hausteko arriskua izan du orduan, Martija lehertuta sumatzen baitzen. Altuna III.ak, berriz, ezin zuen zulorik topatu aurrean, gainean baitzituen bi aurkariak. Halere, espero ez bezala, egoerari buelta eman diote gorriek. Martijak gora egin du, pilotakada bat errebotean ere sartu du, eta Amezketako aurrelariak petrolioa atera du ez zegoen tokitik. Harria baino gogorragoak direla erakutsi dute biek, eta aurretik ere jarri dira, 14 eta 13. Jokoz gutxiago izanagatik, aurretik jartzea meritu handikoa izan da Altuna III.a eta Martijarentzat.

Azken tantoa ezin egin

Peio Etxeberria eta Zabaletak tanto bat behar zuten aurkarien bolada moztu eta arnasa hartzeko, eta azkenean egin dute hamalaunakoa. Gainera, 21erako bidea zuzenean egin dute gerora. Bide horretan erraztasun handiak eman dituzte gorriek. Oso galtzaile aritu dira, batez ere Martija. Nekeagatik ziurrenik, normalean galtzen ez dituen pilotak galdu ditu. Ahultasuna erakutsi dute. Horiek horrela, hainbesteko aldearekin bazirudien bi hankak podiumaren gorenean zituztela Peio Etxeberriak eta Zabaletak, baina ederki kosta zaie azken tantoa egiten. Miraria egiteko zorian izan dira gorriak. Zabaleta nekatu egin da, eta, aurrelariak lagundu dion arren, ez zaie nahi orduko iritsi azken tantoa. Partida 21 eta 20 zegoela, Zabaletak hortzak estutu eta errebotera bidali du pilotakada bat. Hark ebatzi du lehia.

Horri esker, binaka bosgarren txapela jantzi du Etxarrengo atzelariak, eta Antton Maizen, Juan Martinez de Irujoren eta Julian Retegiren markak berdindu. Gainera, bost txapeletako bakoitza bikotekide batekin lortua du. Pozarren agertu da Zabaleta. «Izugarri pozik nago. Orain bai esan dezaket marka hori berdindu dudala, eta sinestezina da niretzat. Partida oso gogorra izan da, izugarri sufritu dut, baina Peioren laguntzarekin aurrera atera dugu. Asko eskertzen diot». Peio Etxeberria bera ere pozarren mintzatu da. «Nire lehen txapela da gorengo mailan, eta barruan dudan sentipena deskribaezina da. Latz sufritu dut, bukaeran uste nuen txapelak ihes egingo zigula, baina azkenean lortu dugu helburua». Garaipena elkarrekin ospatuko dutela aitortu dute bi txapeldunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.