Ikusle datuak

Binakako Txapelketako finalak %17,4ko ikusle kuota izan zuen

ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du martxoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ETB3k, %0,1ekoa. Joan den astean, 'El conquistador del fin del mundo'-k %41,9ko kuota izan zuen 13 eta 24 urte bitartekoen artean.

Peio Etxeberria, atzo, Binakako Txapelketako finalean, pilota jotzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Peio Etxeberria, atzo, Binakako Txapelketako finalean, pilota jotzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 1a
13:15
Entzun

Nahiz eta ordu berean ordainpeko kate batean Alaves-Reala partida ematen ari ziren, Aberri Eguna zen, eta herritar asko oporretan zeuden, esku pilotako Binakako Txapelketako finalak ikusle ugari erakarri zituen atzo: Peio Etxeberria eta Zabaletak eta Altuna eta Martijak elkarren aurka jokatutako partidak %17,4ko ikusle kuota lortu zuen ETB1en, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iazko finalak baino hiruzpalau puntu gehiago, alegia.

Pilota txapelketak, oro har, datu onak eman dizkio ETB1 kateari. Iñaki Artolak irabazi du 2024ko Binakako Txapelketako Pilotaririk Onenaren Saria, zaleek EITBren lehiaketan emandako botoen arabera. Alegiako (Gipuzkoa) aurrelaria bost aldiz izan da jardunaldiko onena.

Punta-puntako kirola emango du datozen egunetan ETB1 kateak: gaurtik hasita, Euskal Herriko Itzulia emango du euskarazko kateak zuzenean. Larunbatean, berriz, Espainiako Kopako finala emango du ETB1ek —Athleticek eta Mallorcak jokatuko dute, Sevillan (Espainia), 22:00etan—. Maiatzaren 18an, Realaren eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finala emango du euskarazko kateak.

ETB1ek martxoan %2ko ikusle kuota lortu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pilotak eragina izan du datu horretan. Izan ere, saio batzuen datuak apalagoak izan dira, eta beste batzuenak, hobeak. 2024aren hasierako apustuetako bat Sukaldarien liga izan da, eta bihar gauean emango dute finala —lehen atalek datu oso apalak izan zituzten—. Herri txiki, infernu handi saioa, bestalde, datu onekin itzuli da: atzo gauean %3,1eko ikusle kuota lortu zuen.

ETB3 katearen egoera, bestalde, kezkatzeko modukoa da: %0,1eko ikusle kuota lortu du martxoan. Azkeneko urteetan %0,1 eta %0,2 artean dabil.

ETB2 kateak %8,5eko ikusle kuota izan du martxoan. Teleberri albistegiak %19,8ko batez besteko kuota izan du. Hilabete osoan ETBn daturik onena izan zuen emanaldia martxoaren 21eko Teleberri izan zen: %26,9ko ikusle kuota —151.000 ikusle—. Entretenimenduan, bestalde, El conquistador del fin del mundo da nagusi: joan den astean, %22,1eko ikusle kuota lortu zuen. Sekulako datuak izan zituen gazteen artean: %41,9ko ikusle kuota 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean.

ETB4 kateak %0,9ko kuota izan du martxoan.

Tele5 ikusten da gehien

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 izan da gehien ikusi den katea martxoan. Iaz, hilabete batzuetan aurrea hartu zioten La1k eta Antena3ek. Eta aurreko urteekin alderatuta, batezbesteko kuota txikiagoa du Tele5k, baina, hala ere, liderra da.

Katalunian, TV3 da gehien ikusten den katea: %13,2ko kuota lortu du martxoan. Galizian, berriz, Antena3 da lehen tokian, baita Espainiako bederatzi erkidegotan ere.

Telebista kontsumoari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak hiru ordu pasatzen ditu egunean telebista konbentzionala ikusten —%5 jaitsi da iazko martxoarekin alderatuta—. Telebista aparatua erabiltzen pasatutako denbora, ordea, askoz gehiago da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.