Pello Bilbaok erretiroa hartuko du sasoi amaieran

Hamasei urte egin ditu profesionaletan, eta Frantziako Tourrean eta Getxoko Zirkuituan arituko da aurten, ibilbidea eten aitzinetik. 2010ean debutatu zuen, eta azken sei urteak Bahrain taldean egin ditu; «funtsezko pieza bat» izan da taldearentzat.

Pello Bilbao, Bahrain taldeko txirrindularia, proba bateko podiumean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 11
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urteko urrian Pello Bilbao txirrindulariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990) errandako hitzak dira: «Energia fisiko eta mental handia xurgatzen du gure ogibideak. Ez da erraza urte askoan irautea. Gainera, norbere bizi egoera ere aldatuz doa». Bada, badirudi azken kilometroetan dela Bilbao, eta, hamasei urtez profesionaletan ibili ondoren, utzi eginen duela aurten. Bilbaok berak eman du albistea, Euskal Herriko Itzulia martxan dela probestuta: «Azken urtea da niretzat; etxean eman nahi nuen berria, niretzako lasterketarik berezienean».

Eta kontatu du nola itxiko lukeen urtea, denboraldi luzea geratzen baita oraindik. «Tourra etorriko da, eta uste dut hori dela agur esateko modurik onena. Getxoko Zirkuituan eta Donostiako Klasikoan ere izango naiz». Erretiroa iragarri berritan, Bilbaok erran du «zortedun» sentitzen dela, euskalduna izateak «beste batzuek ez dauzkaten aukerak» eman dizkiolako txirrindularitzan. «Zaletasunak, lasterketak, txirrindularitza eskolak, entrenatzeko lekuak... paradisua da ingurune hau, eta oso zorionekoa naiz hori guztia bizi ahal izan dudalako».

2010ean egin zen txirrindulari profesional, eta Bahrain taldean egin ditu azken sei urteak —Orbean debutatu zuen—. 36 urterekin hartuko du erretiroa, eta Milan Erzen Bahrain taldeko managerrak erran du «funtsezko pieza bat» izan dela Bilbao, eta maiz erakutsi duela «txirrindulari bikaina» dela. «Emaitza bikainak lortu ditu, eta etengabeko errendimendua eskaini dio urtez urte».

2023an lehendabiziko postua lortu zuen Frantziako Tourreko hamargarren etapan, eta bi garaipen eskuratu zituen 2019ko Italiako Giroan. Euskal Herrian ere iritsi izan da lehen postura: 2022an Euskal Herriko Itzuliaren etapa bat irabazi zuen eta 2014an garaipena lortu zuen Zornotzako Udaberriko Klasikoan. 

Halaber, hiru urtez hiru etapa irabazi ditu Alpeetako Tourrean, 2018an, 2021ean eta 2022an; Turkiako Tourrean bi aldiz izan zen etapako irabazle, 2015ean eta 2016an; eta UCI World Tourreko Montrealgo Sarian bigarren postua lortu zuen. 

Honako hauek izan dira Bilbaoren agur hitzak: «Badakit txirrindularitzaren falta sumatuko dudala, baina maila gorenean egoteak energia handia eskatzen du, eta belaunaldi berriak inoiz baino indartsuago ari dira iristen. Txirrindularitza ehuneko ehunean bizi behar da, eta, behin ezin duzunean hori eman, aurrera begiratu behar da, eta beste kapitulu bat ireki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA