Txirrindularitza

Pello Bilbaok irabazi du Giroko zazpigarren etapa

Astanako txirrindularia eguneko ihesaldian sartu da, erasoa jo du azken kilometroan, eta bakar-bakarrik iritsi da helmugara.

Pello Bilbao, gaur, Italiako Giroko zazpigarren etapako helmugan. ITALIAKO GIROA.
2019ko maiatzaren 17a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindulari gernikarrak bere kirol ibilbideko garaipenik sonatuena lortu du gaur Italiako Giroko zazpigarren etapan. Vaston eta L’Aquilan bukatu den etapan gailendu da 29 urteko ziklista.

Saio perfektua egin du. Lehenbizi, eguneko ihesaldian sartu da beste dozena bat txirrindularirekin batera: jarraian, ondo eutsi du taldetxo horretan; eta azkenik, eraso erabakigarria jo du azken kilometroan, errepidea tente jarri orduko. %11ko pendiza zuen azken kilometroak, eta bazekien hori Bilbaok, baita haren aurkariek ere. Alferrik, gernikarrak pedal kolpe indartsua erakutsi du, eta nagusitasunez lortu du garaipena. Bost segundo atera dizkie helmugan Tony Gallopini (Ag2r) eta Davide Formolori (Bora). Minutu pasatxora iritsi da tropela.

Sailkapen nagusiko lehen postuan ez da aldaketarik izan: Valerio Conti italiarrak jarraitzen du lider. Atzoko etapan lortu zuen Contik maillot arrosa janztea. Fausto Masnadak irabazi zuen atzoko etapa.

Bilbaok gaur lortutako garaipenak segida ematen dio euskal txirrindulariek Giroan daramaten bolada ederrari. Izan ere, azken bederatzi ekitaldietan hamahiru garaipen lortu dituzte. Epe horretan, eskuak altxatu dituzte Mikel Nievek —hirutan—, Mikel Landak —hirutan—, Igor Antonek, Ion Izagirrek, Beñat Intxaustik, Gorka Izagirrek, Omar Frailek eta Bilbaok. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.